Oñatiko udala

2026-2027 ikasturteko eskaintza gertu du Udal liburutegiak

2026/09/01
Card image cap
Irakurle taldeetan, filosofia elkarrizketetan eta idazketa tailerrean parte hartzeko izen-ematea ireki da gaur

  Urtez urte zabalduz joan da irakurzaletasunaren inguruan liburutegiak eskaintzen duen ekintza-sorta; euskara eta gaztelerazko irakurle taldeak eta idazketa tailerra izan ziren lehenak, komiki taldeak hurrengoak eta Haurren Irakurketa Klubaren ondotik elkarrizketa filosofikoak dira ikasturteko egutegian leku finkoa hartu duten azkenak. Urritik maiatzera bitartean, astelehen, astearte eta asteazkenetan, ekintzak txandakatuz joango dira, guztira, 38 saio burutuko direlarik. Parte hartzeko izena eman behar da eta gaur ireki da horretarako epea, hilaren 12ra arte.

  Udal liburutegiko eskaintzetan berriena Elkarrizketa filosofikoak dira. Miren Camisonek gidatzen ditu eta gai ezberdinen inguruko saio dibulgatzaile, dinamiko eta partehartzaileak dira. Saioak ez dira filosofia akademikoa irakasteko espazioak, baizik eta galdera unibertsalak partekatu eta elkarrekin hausnartzeko topagune irekiak. Urrian, azaroan, urtarrilean eta martxoan saio bana egingo da, asteazkenetan eta 18:00etatik 20:00etara. Saio kopuruari dagokionean beste muturrean dago Idazketa taldea; bi orduko 10 saio eskaintzen dira, urritik maiatzera eta astelehenetan, Joxe Mari Iturraldek dinamizatuta.

  Idazketa taldearekin batera irakurle taldeen eskaintza jarri zen martxan lehenik, aipatu bezala, eta euskarazko zein gaztelerazko irakurgaiak lantzen dituzten taldeak bereizten dira. Hilean behin izan ohi dira, seina saio guztira, txandakako asteartetan, bietan parte hartu nahi dutenek hartarako aukera izan dezaten. Dinamitzaileei dagokenean ez dago nobedaderik eta Itziar Ugartek euskarazko irakurle taldean eta Monica Leivak gaztelerazkoan jarraituko dute. Komikiak dira geroz eta publiko zabalagoa duten irakurgaiak eta hauen bueltan ere taldeak sortu ziren orain hiruzpalau urte. Komiki irakurle taldeak ere hizkuntzaren arabera bereizten dira baina elkarren osagarri eta jarraian programatu dira: euskarazko taldea urrian, azaroan eta abenduan elkartuko da Igor Leturiarekin eta gaztelerazkoa otsailean, martxoan eta apirilean Kike Infamek gidatuta. Lau talde hauetan genero eta estilo ezberdinetako lanak irakurri eta lantzen dituzte. Belaunaldi eta esperientzia desberdinetako pertsonak elkartzen dira, liburu beraren inguruan iritziak trukatu, ikuspegi berriak ezagutu eta elkarrizketa aberasgarriak sortuz. Azken finean, komunitatea, elkarrizketa eta kultura partekatzen dute.

  Etorkizuna ere gogoan dute Udal Liburutegian eta, harrobia landuz, Haurren Irakurketa Klubaren eskaintza badago. LH5 eta 6. mailako gaztetxoei zuzenduta dago eta helburua da irakurketarekin lotura positiboa garatzea, liburuez gozatu eta irakurtzea aisialdiko jarduera erakargarri gisa bizi dezaten. Hauek ordubeteko saioak egiten dituzte, astelehenetan eta hilean behin.

  Irakurle taldeetan edo idazketa lantegian parte hartu nahi dutenek irailaren 12ra arteko epea dute izena emateko, liburutegian bertan edo whatsappez, 688 732 826 zenbakira mezua bidalita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!