2025eko aurrekontuaren likidazioaren berri emango da gaurko Osoko Bilkuran
20 puntuko gai zerrenda luzea zehaztu da gaur arratsaldeko Osoko Bilkurarako. Horien artean aipagarria da 2025eko udal aurrekontuaren likidazioaren berri emango dela eta, horri lotuta, 2026ko aurrekontuan kreditu berriak sortu edo gehitzera bideratutako diru gehigarriaren nondik norakoak, hau da, kreditu aldaketarako espedientea azalduko dela. 1.700.000 euroko diruzaintza gerakin positiboa gertatu da iazko aurrekontuaren likidazioa eginda eta kopuru hori zein egitasmotara bideratu azalduko da arratsaldeko bilkuran.
Diru kontuekin jarraituz, Parrokiako koruarekin edo Aloña Mendi kirol elkartearekin Udalak lankidetza hitzarmenak sinatzea proposatuko da. Era berean, hainbat dirulaguntzen ingurukoak ere azalduko dira, Landa Garapen departamentuak kudeatzen dituen dirulaguntza lerro ezberdinen oinarri arautzaileak onartu eta deialdia egitea proposatuko da. Konkretuki, herri onurako mendietan dauden artzain txaboletan egindako lanetarako, landa-bideak hormigoitzeko eta nekazal ustiaketak hobetu, ur gastua arindu eta beste kontzeptu batzuetan ematen diren dirulaguntzei buruz arituko dira udalbatza osatzen duten kideak arratsaldeko bileran.
Energia berriztagarrien kanonaren inguruan EH Bilduk aurkeztutako mozioa ere eztabaidatu eta bozkatuko da gauko bilkuran. Energia berriztagarrien kanonaren kobrantzatik jasotzen den diruaren erdia udalaren esku uztea eskatzen du mozioak, kontutan hartuta, kanonaren helburua dela lurzoru urbanizaezinean ezarritako energia berriztagarrien instalazioek lurraldean eragindako afekzio eta inpaktu kaltegarria arintzea eta lurzoru horien ordenazioa udal eskumenekoa dela. Egun, Eusko Jaurlaritzaren energia eta aldaketa klimatikoaz arduratzen den sailaren esku dago kanona zertara zuzendu.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!