Oñatiko udala

2025-2026 ikasturterako izen-ematea zabalik dago Udal Euskaltegian

2025/09/01
Card image cap
Euskalduntze maila guztiak, Oñatiko euskara eta zaintza, ostalaritza edo merkataritza ikastaro bereziak eskaintzen dira

  Iraila hastearekin batera ireki da 2025-2026 ikasturterako izen-ematea Udal Euskaltegian. Euskara ikasten hasi edo hobetzeko aukera eskaintzen da. Ikasleen maila, erritmo eta ordutegietara egokitutako taldeak eratzen saiatuko dira euskaltegian, euskara ikasi nahi duen orok lekua izan dezan. Matrikula epea hilaren 19ra arte luzatuko da. Ondoren, taldeak osatzeko, eta lekua dagoen bitartean, izenak jasotzen jarraituko da baina beti ere, ia finkatu diren taldeetan sartuz. Horregatik, norberaren beharretara hobekien egokitzen den taldean jarduteko izena lehenbailehen ematea komeni da.

  Udal euskaltegian, euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak eskaintzen dira, A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak. Gainera, egiaztagiri ofizialak eskuratzeko azterketak bertan egiten dira, Oinarrizkoak diren A1, A2 eta B1 mailetan ebaluaketa jarraia egiten da euskaltegian eta goragoko mailetan, entzumen eta irakurmen azterketak euskaltegian egiten dira eta horiek gaindituta, idazmena eta ahozkoa HABEk izendatzen dituen egoitzetan, hiriburuetan, normalean. Ikastaro bereziak ere eskaintzen dira, zaintza lanetan edo ostalaritzan edo merkataritza arloan dihardutenentzat propio egokituta.

  Iraupen luzeko langabetuek doan dituzte eskolak eta bai HABEk baita udalak ere beka sistema dute. Hala, asistentziaren arabera, gutxienez, eskolen % 90eko aprobetxamendua ziurtatzen dutenek matrikula kostuaren erdia jasotzen dute ikasturte amaieran. Aurreko ikasturtean aritu ziren 21 ikasleren dirulaguntza eskaerak onartu ditu Udalak, ia 2.600 euro itzuliz. Bigarren urtez ikasten jarraitzen dutenek ere, beste %25eko gain saria eskuratu ohi dute. Gainera, matrikulatzen diren guztien artean doako matrikula bat zozkatuko da. Baina euskaltegiak egiten duen eskaintza akademiko nahiz ekonomikoari buruzko informazio osatua euskaltegian bertan eskuratu daiteke, astelehenetik ostiralera 9:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:30etara. Gogoratu, euskaltegia Eltziara aldatuta dagoela eta informazioa bertan ematen ari direla: Musika Eltziatik sartu eta bigarren solairuan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!