Oñatiko udala

2021eko udal aurrekontua likidatuta, hainbat proiektu sendotzera bideratuko da 6,3 milioi euroko diruzaintza gerakina

2022/04/05
Card image cap
Azkoagain, Urrutxuko zigilatzea, Torreauzoko zubi berria eta Arantzazuko ur arazoaren konponketa, indartuko diren egitasmoen artean

  Azken Osoko Bilkuran azaldu zuen Ogasun batzordeburu Xabier Igartuak, 2021ko diruzaintza gerakina zertara bideratuko den. Pandemia tarteko ez ohiko urtea izan zen iazkoa baina udalaren diru sarrerak nabarmen hobetu ziren, foru funtsetik aurreikusitakoa baino diru gehiago heldu zelako. Urteko inbertsioen gauzatze maila altua ere azpimarratu zuen Igartuak, % 89koa izan baita, 2000. urtetik izan den gauzatze maila altuena. Hala ere, 6,3 milioi euroko diruzaintza gerakina dago aurtengo proiektuetara bideratzeko.

  Urtebetez aurreratuko da Zubikoa kiroldegirako eskatu zen maileguaren ordainketa eta hasita edo dagoeneko konprometituta dauden egitasmoekin jarraitzeko 1,5 milioi euro bideratuko dira. Estrategikotzat jotzen diren Musika eskolaren eta Emakume etxearen proiektuetarako 2 milioi euro gordeko dira eta beste milioi bat Urrutxuko zigilatzearen bigarren fasea egin dadin. Azkoagaineko futbol zelaiko belarra eta obra zibila egiteko exekuzio proiektuak eskatzen dituen beste 100.000 euro gehituko zaizkio aurrekontuetan jada jasota zegoen partidari eta beste 100.000 euro bideratuko dira Urgaineko azpiegitura komunitarioak gauzatzeko. Udal brigadaren lan bitartekoak hobetzeko 215.000 euro zuzenduko dira.

  Landa auzoetan berriz hiru proiektu konkretu gauzatuko dira: Arantzazun edateko urarekin dauden arazoak konpontzeko 200.000 euro bideratuko dira, Araotzeko ostatu aurreko urbanizazio lanak amaitzeko beste 70.000 euro eta Torreauzoko oinezkoen pasabide berria egiteko 250.000 euroko partida berria sortuko da. Proposamena Foru Aldundiko arduradunei aurkeztu diete eta hauek egoki ikusi dute. Torreauzon zubi plataforma berria eraikiko da egungo zubiarekiko paralelo.

  Proposamen hauek azaldu ondoren EAJren bozeramaleak abstentziora joko zutela iragarri zuen, zenbait puntu ez zituztelako egoki ikusten eta eurek aurrez proposatutako beste batzuk, Zubillagako trenbide zaharreko zubia zabaltzearena kasu, ez zirelako jaso. Zentzu horretan kiroldegiko maileguaren itzulera urtebetez aurreratu ordez diru hori beste egitasmo batzuetara bideratuko luketela adierazi zuen Ainhoa Galdosek. Eta Azkoagain futbol zelaiaren arazoa behin betikoz konpontzeko lursail bat erostea proposatu zuen Angel Biain jeltzaleak. Gaia Aloña Mendirekin aztertu eta adostu behar dela eta dagoen beharraren arabera erabakiko dela erantzun zion Igartuak.

  Udal gobernu taldeak proposatutako diruzaintza gerakinaren banaketa onartu egin zen osteguneko Osoko Bilkuran, EH Bilduren aldeko botuz eta EAJren abstentzioaz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!