Oñatiko udala

“Zortea Oñatiko dendetan dago!” kanpaina abiatu du Txanda elkarteak

2025/12/01
Card image cap
5.000 euroko sariak banatuko dituzte, urtarrilaren 6ko loteriaren zozketarekin batera

  Gaur hasi eta urtarrilaren 5era bitartean, edo zenbakiak agortu bitartean, Gabonetako zozketan parte hartzeko papertxoak banatuko dituzte erosketak egiten dituzten bezeroen artean, kanpainarekin bat egin duten saltokietan. Zenbaki horiek urtarrilaren 6ko loteria nazionaleko zozketaren arabera sarituko dira. Hala, loteriako lehen saria lortzen duen zenbakiaren jabeak 1.000 euro irabaziko ditu. Bigarren sariaren zenbakia duen boletoak 600 euro eramango ditu eta 3. sariko zenbakia duenak, 400 euro. Gainera, 30 euroko beste 99 sari banatuko dira, loteriako lehen sariaren azken hiru digituekin bat egiten duten zenbakien jabeentzat. Urtarrilaren 6ko loteria nazionalaren zozketa horren harira, Txandak, 4.970 euro banatuko ditu saritan. Sariak ematek ekitaldia, urtarrilaren 10ean egingo da, Santa Ana aretoan (13:30).

  Iaz ere antzerako kanpaina egin zuen Txandak urte amaieran eta izandako arrakasta gogoan errepikatzea erabaki du. Gabonetako zozketa berezi honekin batera, kale animazioa antolatu da Eguberri aurreko bi ostiraletarako; abenduaren 12an Zirkun zirko zirku kalejira izango da eta 19an, Unicorns kale animazioa. Argiak eta musika osagai nagusi izango dira bi ikuskizunetan eta kalerik kale eskainik dira, Santa Ana parean abiatu eta plazan amaituz.

  Txandak abiatu duen kanpaina bikoitz honen helburua ez da soilik bezeroak saritzea, baizik eta tokiko saltokiei ikusgarritasuna ematea ere bai, oñatiar guztiak herriko merkataritza babestera gonbidatzearekin batera. Gabonetako kanpaina berezi hau Txanda dendarien elkarteak antolatu du, Oñatiko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!