“Utzi sorginei” dokumentala Youtuben ikusgai dago
Txondorran bueltan lantaldeak sustatuta egin zen Utzi sorginei dokumentala. 2023ko udazkenean mendian hostoak, egurra eta lurra biltzen hasi zirenetik, hurrengo uda hasieran San Martingo txondorretik egur-ikatza atera zen arteko prozesua iruditan dokumentatu zuten Xanti Ugartek eta Sofia Moralesek. Bideo grabazio horiek egitasmoan parte hartu zutenen iritzi, asmo eta sentimenduez osatu ziren, 47 minutuko ikus-entzunezkoa sortuz. Pasa den abenduaren 16 eta 17an Kultur etxean erakutsi zen eta orain, guztiok ikusteko moduan jarri da, Youtube kanalean zintzilikatuz.
Ikazkintzatik bizi izandakoen lanari aitortza egin eta antzinako jakintza transmititzea zuen helburu Txondorraren bueltan egitasmoak. Eta transmisio horren azken emaitza da Utzi sorginei dokumentala. Auzolanean egin zen San Martingo txondorra eta baita aurreko lana ere, eta hala islatu da ikus-entzunezkoan. Herritik herriarentzat filosofia jarraituz, orain, ikusi nahi duen edonoren eskura jarri da dokumentala, youtube kanalean zintzilikatuta.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!