Oñatiko udala

“Urrutxuko jaitsiera berria” ur hornidura hobetzeko proiektuaren lanen esleipena martxan du Gipuzkoako Urak enpresak

2026/04/28
Card image cap
Zuzenduko den bihurgunea eta kenduko den argindar postea
Santipillau baserri parean bide-segurtasuna hobetzeko lanak egingo dira, bide batez

  Otsaileko Osoko Bilkuran aho batez onartu zen Gipuzkoako Urak enpresak aurkeztu zuen exekuzio proiektua eta honen onura publikoko izaera. Horrek hainbat lursail partikularri eragingo dio. Horien zerrenda publiko egin du Udalak. Aipatu proiektuak hiru partzelei eragingo die zuzenean, guztira, 294 m2 aldi baterako hartuko dira eta beste ia 118 m2-tan, zortasun figura ezarriko da.

  Gipuzkoako Urak enpresak egingo duen kontratuak bi lan biltzen ditu: nagusiena, Urrutxuko depositutik behera hodi berri bat jartzea, ur-hornidura sektorizatu ahal izateko, eta, bide batez, kanposantutik Zañartura doan bideko bihurgune bat zuzentzea, ikusmena hobetzeko. Santipillau baserri parean dagoen bihurgunea da zuzenduko dena, baina aurrez, bertan dagoen argindar postea lekuz aldatu beharko da. Lanok Gipuzkoako Urak enpresak kontratatuko ditu baina Udalak eta Garagaltza, Zañartu eta Urrexolak ordainduko dituzte, zati batean. Udala eta hiru auzoen arteko finantzazioa jasotzen duen lankidetza hitzaremanaren berri ere otsaileko osoko bilkuran eman eta onartu zen.

  Urrutxuko ur-biltegitik Ditxosuena baserri inguruan dagoen erregistroraino 200 mm-ko diametroa duen burdinurtu harikorreko eroanbide bat instalatuko da, 580 metro lineal izango dira, gutxi gora behera. Hodiak Artia ibaia zeharkatu beharko du, beraz, Mutuetan dagoen zubiaren taularen azpitik eramango da. Santipillau baserri inguruko bihurgunearen trazadura aldatzeko berriz, egungo plataforma handitu eta egungo kurba zuzentzeko lurra industu beharko da eta, ondoren, ezpondari eutsiko dion harri-lubetazko horma eraiki beharko da. Aurretik, bihurgune gainaldean dagoen argindar postea lekuz aldatu beharko da eta errepidearen alboetan dauden farolak kendu eta amaieran berriro jarri beharko dira. Aipatu bihurgunea zuzentzeko beharra askotan eskatu dute Garagaltzatik Zañarturako errepidea erabiltzen duten herritarrek, bereziki inguruko auzotarrek, ikusmena erabat mugatzen duelako, bide zatia arriskutsua bihurtuz. Arazoa hilabete gutxiren buruan ezabatzea espero da.

  Lanek 283.395 euroko aurrekontua dute eta 21 astetan egitea aurreikusten da. Hiru eskaintza aurkeztu dira Gipuzkoako Urak enpresak abiatutako esleipen prozesura, laster eerabakiko da zein enpresa kontratatzen den.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!