Oñatiko udala

“Urrutxuko jaitsiera berria” ur hornidura hobetzeko proiektuaren lanak esleitu berri dira

2026/05/18
Card image cap
Santipillau baserri pareko argindar postea lekuz aldatzeko lanak hasita daude

   Gipuzkoako Urak enpresak esleitu duen kontratuak bi lan biltzen ditu: nagusiena, Urrutxuko depositutik behera hodi berri bat jartzea, ur-hornidura sektorizatu ahal izateko, eta, bide batez, kanposantutik Zañartura doan bideko bihurgune bat zuzentzea, ikusmena hobetzeko. Santipillau baserri parean dagoen bihurgunea da zuzenduko dena, baina aurrez, bertan dagoen argindar postea lekuz aldatu behar da. Dagoeneko lan horiek egiten hasi dira Oñargiko teknikariak, Udalak hala eskatuta. Era berean, Gipuzkoako Urak enpresak kontratatuko lanak ere laster hastea espero da.

  Hiru enpresa aurkeztu ziren Gipuzkoako Urak-ek abiatutako prozesura eta eskaintza merkeena egin duen Eregi Herrilan eta Zerbitzuak S.Lri esleitu zaizkio lanak, 264.235 eurotan, gehienez finkatutako prezioa baino 19.000 euro merkeago. Lanen zati bat Udalak eta Garagaltza, Zañartu eta Urrexola auzoek ordainduko dute, otsaileko Osoko Bilkuran aurkeztu zen lanen finantzaziorako lankidetza hitzarmenaren arabera.

  Esleitu berri diren lanen arabera, Urrutxuko ur-biltegitik Ditxosuena baserri inguruan dagoen erregistroraino 200 mm-ko diametroa duen burdinurtu harikorreko eroanbide bat instalatuko da; 580 metro lineal izango dira, gutxi gora behera. Hodiak Artia ibaia zeharkatuko du, Mutuetan dagoen zubiaren taularen azpitik. Santipillau baserri inguruko bihurgunearen trazadura aldatzeko berriz, egungo plataforma handitu eta kurba zuzentzeko lurra industuko da eta ezpondari eusteko harri-lubetazko horma eraikiko da. Garagaltzatik Zañarturako errepidea erabiltzen duten herritarrek, bereziki inguruko auzotarrek, sarritan eskatu dute bihurgunea zuzentzea, ikusmena erabat mugatu eta bidea arriskutsu bihurtzen baitu zati horretan. Lanok 21 astetan egitea aurreikusten da.

  Aipatu proiektuak hiru partzelei eragingo die zuzenean eta, guztira, 294 m2 aldi baterako hartuko dira eta beste ia 118 m2-tan, zortasun figura ezarriko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!