“Uler-saioak” metodologia frogatzeko taldean izen-eman daiteke oraindik

2021/09/14
Card image cap
Irailaren 16ko eguerdira arte luzatu da izen-emate epea

  Euskaraz ez dakiten pertsonek ulertzeko gaitasuna garatzea da uler-saioak metodologiaren helburua. Baliagarria den frogatzeko euskararik ez dakiten edo oso gutxi dakiten gurasoen talde bat osatu nahi da udal euskaltegian. Dagoeneko 6-7 lagunek izena eman dute baina gehiagok parte hartzeko izen-ematea irailaren 16ko eguerdira arte luzatu da. Izan ere, arratsalde horretan sarrera proba egingo baitzaie guztiei. Oinarrizko hiru baldintzak betetzen dituztela egiaztatu nahi da, hau da, euskararik ez dakitela, gaztelera badakitela, eta 60 orduko ikastaroa hasi eta bukatzeko konpromisoa hartzen dutela.

  Ikastaroa euskara ulertzeko gaitasunaren garapenean zentratzen da eta parte hartzaileari ez zaio euskaraz egitea eskatuko, bere adierazpen hizkuntza gaztelera izango da.

  Ikastaroa urrian hasi eta otsailera arte luzatuko da, astean bi egunez, bi orduko saioak osatuz. Helburua, ikastaroa amaituta A1 mailako ulermena izatea da. Ondoren, jarraitu nahi dutenentzat, eta oinarrizko euskara maila bat dutenentzat, bigarren ikastaroa egingo da otsailetik aurrera, A2 mailako ulermena lortu ahal izateko. Baina horretarako izena orain eman behar da udal euskaltegian. Ikastaroa doan izango da baina asistentzia bermatzea eskatzen da, esan bezala.

  Euskara erraza eta sinplea erabiliz oinarrizko ulermen gaitasuna garatzea da frogatuko den uler-saioak metodologiaren helburua. Euskaltegiko irakasleetako bat metodologia berri honen arabera eskolak nola eman ikasten ari da. Atzo hasi zuen bi astez luzatuko den trebatze ikastaroa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!