“Sancti Spiritus: oroimena piztu, etorkizunera abiatu” udako ikastaroa aurkeztu da
Foru Aldundiko Mugikortasuna, Turismo eta Lurralde Antolaketako Departamentuak antolatu du udako ikastaroa, EHUko Udako Ikastaroen baitan. Eta foru erakundearen ardurapean egiten ari diren zaharberritze lanak ezagutarazi eta balorean jartzea da ikastaroaren helburuetako bat, Euskadiko Errenazimentuko sinbolo den eraikinaren identitatean, jatorrian eta historian sakontzearekin batera. Bide batez, ondare arkitektonikoak balio ekonomiko, kultural eta turistikoa sortzeko gai den aktibo gisa betetzen duen eginkizunari buruz hausnartu nahi da. Irailaren 7an Donostiako Miramar jauregian eta 8an, Oñatin, unibertsitatera egingo den bisitaz osatuko da ikastaroa.
Sancti Spiritus: oraoimena piztu, etorkizunera abiatu udako ikastaroaren inaugurazioa Azahara Domínguez diputatuak eta Jakes Agirrezabal Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailburuordeak egingo dute. Ondoren, Montserrat Fornells Artearen Historiako doktoreak eraikinaren historiari eta esanahiari buruzko hurbilketa egingo du, eta haren identitatea osatzen duten elementuetan sakonduko du.
Jarraian, Verónica Quintanilla ondarearen zaharberritzean espezializatutako arkitektoak zaharberritze-prozesuaren alderdi berezienetako bati helduko dio: fatxadako multzo eskultorikoaren zaharberritzeari. Bestalde, Breogán Agulla harri-lanetan eta harrizko artean espezialistak iazko udan tximista batek suntsitu zuen gerlariaren estatuaren erreplika-prozesua azalduko du. Horrela, ezaugarri horietako zaharberritze-lan batean parte hartzen duten konplexutasuna eta ezagutza tekniko zein artisaua gertutik ezagutzeko aukera izango da.
Arratsaldean Fernando Tabuenca arkitektoak hitz egingo du. Eraikinaren estalkietan, fatxadan eta egituran bertan egiten ari diren birgaitze-lanen arduraduna da Tabuenca. Amaitzeko, eraikinaren hezkuntza, kultura eta turismo-potentzialari buruzko mahai-ingurua egingo da. Bertan parte hartuko dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Arkitektura Zerbitzuko buru Ainara Sagarnak, Aldundiko Turismo zuzendari Libe Otegik eta Debagoieneko Turismo teknikari Ines Cáceresek. Asteartean, hilaren 8an, eraikina bisitatu eta egiten ari diren birgaitze-lanak bertatik bertara ikusteko aukera izango da.
Next Generation funtsen ekarpenarekin egiten ari diren unibertsitatearen birgaitze-lanak datozen hilabeteetan amaituko dira. Eraikina zaharberritu ez ezik, zerbitzu berriak egokitzeko azpiegiturak egiten ari dira, Turismo Bulegoa esaterako. Ikastaroa doan da eta izena emateko aukera dago oraindik, www.uik.eus atarian sartuta
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!