Oñatiko udala

“Puzzlea osatu arte” ekimena igandean iritsiko da Oñatira, Iruñerako bidean

2025/05/16
Card image cap
Behin betiko konponbidea aldarrikatuko duen ekimenak 28 herri igaro eta 544 Km osatuko ditu bihar eta etzi bitarte

  Sare Herritarraren ekimenez egingo da Puzzlea osatu arte. Lesakatik abiatuko da ekimeneko furgoneta, bihar, 10:00etan, eta domekan helduko da Iruñera, 19:00etan. Ibilbidean espetxean dauden presoen sorterrietatik igaroko da, salbuespenik gabeko espetxe politika eta behin betiko konponbidea aldarrikatzeko. Oñatitik, igande arratsaldean, 16:00etan pasako da furgoneta.

  Salbuespen lege eta politikak oztopo dira etxerako bidea egiteko duten 57 presoen kasuan. Sare Herritarraren ustez, ezinbestekoa da elkarbizitza agertokietara jauzi egin nahi bada, gatazkak utzi dituen ondorioekin amaitzea. Behin betiko konponbidea ezinbestekoa dela aldarrikatzen dute. 

  Konponbideaz aritzea, preso iheslari eta deportatuen etxerako bidea hasteko beharraz; biktimak aitortuak eta erreparatuak izan eta egia jakiteko duten beharraz ari direla zehaztu du Sare Herritarrak. Guztiak ezinbesteko urrats dira elkarbizitza agertokietara igaro eta herri gisa aurrera egiteko.

  Portu kaleko plazan hartuko da puzzlea osatu arte ekimenaren furgoneta igandean, 16:00etan, eta Oñatin gordetako puzzle zatia eskuratuta, Iruñerako bideari jarraituko dio.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!