Oñatiko udala

“Palestina lorategia” sortzeko sinadura bilketa abiatu du Oñati Palestinarekin herri ekimenak

2026/04/13
Card image cap
Kalegoienako zelaitxo bati “Palesina lorategia” izena ematea eskatzen da

  Oñati Palestinarekin herri ekimenak Palestinako egoera bizirik mantentzea du helburu, besteak beste. Horren haritik, Palestinari buruzko hainbat kartel egin eta jarri ziren herriko gune ezberdinetan, orain, herriko lorategi bati Palestina lorategia izena jartzea lortu nahi da. Horretarako sinadura bilketa bati ekin berri diote. Herriko hainbat taberna eta lokaletan utzi dira sinatzeko paperak. Halakoetan ohikoa denez, eskaerarekin bat egiten duen herritarraren izen-abizenak, NAN zenbakia eta sinadura jarri behar dira. Kalegoienako zelaitxo bati jarri nahi zaio Palestina lorategia izena, konkretuki, Roke Azkune eta Kalegoiena artean dagoen zebra bidearen inguruan dagoenari.

  Bizpahiru astez izango dira sinadura orriak herritarren eskura. Gero, guztiak batu eta udaletxean aurkeztea da asmoa, herriko guneen izendapena egitea udalari baitagokio. Hala Kalegoienako zelai-lorategiari Palestina lorategia izena jartzeko eskaera, maiatzeko Osoko Bilkuran aztertu dadin erregistratuko da.

  Oñati Palestinarekin herri ekimenak asteak daramatza maiatzerako informazio eta sentsibilizazio egitarau berezia prestatzen. 7-10 eguneko programazio berezi baten baitan, hitzaldiak, kontzertuak eta bestelako ekintzak egin asmo dira, Palestina ardatz hartuta, eta bertan gertatzen ari den genozidio eta suntsiketa gogoan eta bizirik mantentzeko helburuarekin, lehen esan bezala; egunkarietako lehen orrialdetatik desagertu bada ere, Gaza eta palestinarren aurkako ekintzek aurrera jarraitzen baitute, munduko agintariek bestaldera begiratzen duten bitartean. Testuinguru horretan kokatzen da Palestina lorategia izendatzeko sinadura bilketa hau.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!