Oñatiko udala

“Ospatu Inauteriak Txandarekin!” kanpaina bikoitza abiatu du Txandak, tokiko merkataritza dinamizatzeko

2026/02/02
Card image cap
Sariak banatuko dituzte bezero eta dendarien artean

  Gaur abiatu den kanpainak bi ekintza biltzen ditu: Ostegun gizeneko loteen zozketa bezeroen artean, batetik, eta establezimenduei zuzendutako inauterietako erakusleihoen lehiaketa, bestetik.

  Gaur hasi eta otsailaren 11ra bitartean, kanpainara batu diren dendetako bezeroek Ostegun gizeneko loteen zozketan parte hartuko dute. Loteak egunari dagozkion produktuz osatuko dira, txorizoa, arrautzak, gazta eta sagardo edo txakolin botila bat, eta 50 euroko erosketa-txartelak. Txandako dendatan trukatu ahal izango diren txartelok martxoaren amaierara arteko iraungitze data izango dute. Zozketa otsailaren 11n egingo da, eta sariak hurrengo egunean, Ostegun gizen egunean, banatuko dira. Guztira, 37 sari zozkatuko dira. Saridunei telefonoz deituta jakinaraziko zaie.

  Bestetik, Inauterietako Erakusleihoen Lehiaketa antolatuko da, gaur hasi eta otsailaren 17ra arte. Parte hartzen duten saltokiek inauteriak gaitzat hartuta apainduko dituzte erakusleihoak, eta herritarrek aukeratuko dituzte irabazleak, gehien gustatu zaienaren aldeko botoa emanez. Lehiaketak sariak izango ditu bai establezimenduentzat eta baita boto-emaileentzat ere. Bozketan parte hartzen dutenen artean 50 euroko 20 sari zozketatuko dira, eta boto gehien jasotzen dituzten erakusleihoek 300, 200 eta 100 euroko lehen, bigarren eta hirugarren sariak jasoko dituzte, hurrenez hurren. Sari hauek otsailaren 23an banatuko dira, 20:00etan, San Juan Kaleko lokalean.

  Kanpaina bikoitz honen helburuak dira, inauterietako jai giroa zabaltzea, merkatari eta herritarren arteko harremana sendotzea eta herriko ospakizun eta data berezietan tokiko merkataritzaren balioa azpimarratzea.
Ekimena Txandak antolatu du, Udalaren, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Sailaren laguntzarekin.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!