Oñatiko udala

“Oporrak bakean” egitasmoan parte hartzeko deialdia egin da asteburuan

2026/01/19
Card image cap
Udan haur saharrarak etxean hartzeko izen-ematea zabalik dago harrera familientzat, otsailaren 15era arte

  Oporrak bakean egitasmoaren baitan haur sahararrek udako bi hilabete ematen dituzte Euskal Herrian. Haurren osasuna eta bizi esperientziarako garrantzitsua da udako egonaldi hori. Gure inguruak eskaintzen dien beste errealitate bat ezagutu eta gozatzeko aukera dutelako: itsaso eta igerilekuetan jolasten dute; fruta, barazki eta bestelako produktu freskoz elikatzen dira, eta, beharra dutenek, osasun asistentzia egokia ere jasotzen dute, Osakidetzarekin izenpetutako akordioari esker. Gurera etortzen diren haurrek ez dute aparteko osasun arazorik baina begitako edo azaleko arazotxoak askok dituzte, eguzkiak eta basamortuko baldintza gogorrek eraginda. Basamortuan 50 gradu inguruko tenperaturak izan ohi dituzte udan eta horiek saihesteko bidea ere badute Oporrak bakean egitasmoan parte hartzen duten haurrek. Aurten 10-11 urte arteko neska-mutikoak etorriko dira, nagusiki, baina aurreko urteetan etorri diren gaztetxoagoak beraien harrera-familietara itzuliko dira. Berez programa 8-12 urte bitartekoei zuzenduta dago baina aurten, bereziki, 10-11 urte arteko kinttada osoari eskaini nahi zaio ekimenaz gozatzeko aukera. Lehen aldiz etorriko diren horientzat harrera familiak behar direla azpimarratu zen asteburuan egindako programaren aurkezpenean.

  Oñatin, iaz, bost haur saharar izan ziren, seigarren bat Aretxabaletan, eta harrera familia horiek herritar gehiago animatu nahi dituzte Oporrak bakean egitasmoarekin bat egin eta haur sahararrak etxean hartzera. Alde horretatik, izen-ematea otsailaren 15era arte zabalik dagoela gogorarazi nahi da. Esperientzia hau haurrentzat zein garrantzitsua den aipatu dugu baina familientzat ere garrantzitsua da, gizarte sahararraren eta euskaldunaren arteko harremana sustatu eta Mendebaldeko Sahara eta herri sahararraren egoeraren bueltan euskal herritarrak sentsibilizatzen direlako, besteak beste.

  Udalak ere bat egin du azken urteetan Oporrak bakean egitasmoarekin eta Jaima elkartearen bitartez sostengu ekonomikoa ematen du, Oñatira etortzen diren haurren bidaia gastuak bere gain hartuz. Hala, iaz, herrian erroldatuta zeuden harrera familietan hartu ziren lau adin txikikoen abioi txartelak ordaindu zituen, 2.960 euroko dirulaguntza bideratuz Jaima elkartera. Udalarekin lankidetza hitzarmena duen Jaima elkarteak helarazitako dirulaguntzaren zuriketa osteguneko Tokiko Gobernu Batzarrean aztertu eta onartu zen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!