Oñatiko udala

“Langile baten osotasun fisikorako eskubidea urratzeagatik” zigorra jaso du Udalak, bi epaietan

2025/07/22
Card image cap
Osasun, segurtasun eta lan-arriskuen prebentzio enpresaren gomendioak uneoro jarraitu zirela adierazi dute udal ordezkariek

  Eibarko Lan Arloko Epaitegi Bakarrak Oñatiko Udala zigortu du bi epaietan, mantenuko langile baten osotasun fisikorako eskubidea urratzeagatik. Epai horien arabera, 2024ko otsailaren 29an hasitako langile-baja lan istripu baten ondorio da. Epaien berri eman duen ELAren Bidelagun fundazioa pozik azaldu da, agerian uzi duelako administrazio publikoen prebentzio falta.

  Lehenengo epaiaren arabera, produktu kimikoekin izandako kontaktuen ondorioz, langileak dermatitisa izan zuen, eta horrek lau baja hartu beharra eragin zion, 2022 eta 2024 urteen artean. Izan ere, langileak alergia die sastrakak garbitzeko erabiltzen den produktu kimikoei, eta Udalak ez zuen behar bezala babestu. Bestetik, bigarren epaiak ondorioztatzen du langilearen antsietate bajaren oinarrian Udalaren arduragabekeria dagoela, belar-sastrakak garbitzeko lanak egitera bidaltzen baitzuten, alergia eragiten zioten produktu kimikoen eraginpean lan egitera behartuz.

  Honela dio epaiak, oharrean jaso denez: Udalak bazekien demandatzaileak mugak zituela eskuzko belar-sastrakak kentzeko eta erabiltzen ziren agente narritagarriekin lan egiteko. Lekuko-frogaren bidez, frogatu zen 2023ko maiatzaren 19ko Segurtasun eta Osasun Batzordea demandatzailearen egoerari buruzkoa izan zela, eta alkateak ere horri buruzko adierazpenak egin zituela. Gainera, egiaztatuta geratu da, halaber, langileen ordezkariek bilera eskatu ziotela alkateari 2023ko urtarrilaren 10ean eta ekainaren 1ean, langilearen lan arazoa aztertzeko, baina ez zuten konponbiderik lortu. Langilea belar-sastrakak eskuz eta haize makinaz kentzeko lanetan aritzera behartu zutela dio ELA sindikatuaren salaketa-idatziak. Egoera horrek ezintasun psikologikoaren sentsazioa sortu zion langileari, idatzi beraren arabera.

  Udalak, bere aldetik, osasun, segurtasun eta lan arriskuen prebentzio enpresak (Quiron) egindako gomendioak uneoro jarraitu dituela adierazi dute udal ordezkariek. Lana segurtasunez egiteko beharrekoak diren babes materiala eta formazioa eman zaizkiola langileari eta agente kimikoei esposiziorik ezin duela izan dioen txosten ofiziala jaso zuenetik ez zuela desbroze lanik egin landa guneko bide bazterretan dio udalaren idatziak. Erantsiz Udalak beti bilatuko du langileen segurtasuna bermatzea eta horretarako neurriak hartzea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!