Oñatiko udala

“Kale Zaharra-Otadui Zuhaiztia” eremuko lehen areari dagokion proiektua idazteko lanak esleitu dira

2025/12/09
Card image cap
A2B Arquitectos enpresak egingo ditu, 20 astetan

  Kale Zaharra-Otadui zuhaiztia eremuko irisgarritasun plana iazko otsailean onartu zuen Osoko Bilkurak, aho batez. Kale Zaharra, Otadui zuhaiztia, Lizaur kalea, Unibertsitate etorbidea eta Aita Madina barnebiltzen dituen eremuaren irisgarritasun plana A2B Arquitectos enpresak osatu zuen eta 9 fasetan gauzatzea aurreikusten du. Oinezkoen segurtasuna hobetu, oztopoak kendu eta ibilgailuen zirkulazioa egokitzeko hainbat esku-hartze zehazten ditu. Orain lehen fase edo areako lanen proiektua idaztea eta ondorengo lanen zuzendaritza egiteko zerbitzua kontratatzea erabaki da. Bi proposamen aurkeztu dira eta plan orokorra osatu zuen A2B Arquitectosena lehenestea erabaki da, oinarrietan zehaztutakoaren arabera, eskaintza ekonomiko merkeena baitzen. Proiektua idatzi eta ondorengo lanen zuzendaritza 14.900 eurotan esleitzea onartu zen azken Tokiko Gobernu Batzarrean.

  Orain idatziko den lehen areari dagokion proiektuak Kale Zaharra 44 eta 76 zenbakien arteko eremua hartzen du eta 20 astetan osatuko da. Gerora egingo diren lanen zuzendaritza zerbitzua ere kontratatu da, esan bezala, eta obraren iraupena bost bat hilabetekoa izatea aurreikusten dela zehaztu zen esleipen oinarrietan.

  2026ko udal aurrekontuetako proiektuan Kale Zaharra-Otadui Zuhaiztia eremuko lehen lanak egikaritzen hastea jaso du EH Bilduk, irisgarritasun lanetarako 400.000 euroko partida proposatzen dutela zehaztuz. Gogoratu, datorren urteko udal aurrekontuak abenduaren 18ko Osoko Bilkuran eztabaidatuko direla.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!