“Jostailu hezitzailea" kanpaina abiarazi du Debagoienako Gurutze Gorriak
Debagoienako Gurutze Gorriak jostailu hezitzailea kanpaina hasi du. 0 eta 12 urte bitarteko bailarako haur guztiek jolasteko duten eskubidea bermatu nahi da eta gizartea sentsibilizatu jolasak haurren garapenerako duen garrantziaz. Debagoienan kalteberatasun-egoeran eta gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden familietako haur guztientzat jostailu berriak batu nahi ditu Gurutze Gorriak. 25 boluntariok baino gehiagok parte hartzen dute bi fasetan antolatu den kanpainan; lehenengoan, behar adina funts eta jostailu biltzen saiatuko dira eta bigarren fasean, jostailuak familia hartzaileei emango zaizkie.
Datozen bi astetan Gurutze Gorriak stand bat jarriko du Arrasateko Eroski hipermerkatuan, kanpainaren hezkuntza-edukiari buruzko informazioa eman eta jostailu-txekeak salduz, funtsak biltzeko, eta dohaintzan emandako jostailu berriak jasotzeko. Arrasateko Garagune Zentroko pertsonen laguntza izango dute, stand-ean arreta ematen lagunduko baitute. Arrasateko Eroskin abenduaren 4, 5, 12 eta 13an izango dira. Baina bertaratu ezin dutenek edo laguntza diruz eman nahi dutenek horretarako aukera izango dute, Gurutze Gorriak kontua zabalik du Laboral kutxan (ES52 3035 0050 72 0500751008) eta 20055-JUGUETE/ JOSTAILUA kontzeptua adierazita, ekarpen ekonomikoa egin daiteke.
Jostailu hezitzailea kanpaina honetan eskualdeko zortzi herritako Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean aritzen da Gurutze Gorria, udal langileekin batera identifikatzen baitira beharra duten familiak eta horren arabera egiten delako jostailuen banaketa. Kanpaina 25 boluntario baino gehiagoko talde batek antolatzen du, esan bezala. Deialdia probestu nahi du Gurutze Gorriak, kanpaina honetan edo urtean zehar egiten diren bestetan parte hartu nahi duten debagoiendarrak gonbidatzeko. Eskualdeko Gurutze Gorriarekin harremanetan jarri besterik ez da egin behar.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!