“Izan gogo gara” jardunaldi berriak astelehenean hasiko dira
Gure herriaren memoria kolektiboa berreskuratu eta ezagutzera emateko helburuz ekin zion Oñatiko Nabarralde taldeak Euskal Herriko historiari buruzko jardunaldiak antolatzeari. Aurtengoak zazpigarrenak dira, eta euskal historian aditu diren goi mailako hizlariak gonbidatu dira, beste behin.
Jardunaldiek iraungo duten bi asteetan HABITAT. Euskaldunon historia mapen bitartez erakusketa Kultur etxean ikusteko aukera izango da, urtarrilaren 19tik 30era. Lehenengo egunean, bisita gidatu irekia egingo du erakusketaren komisario den Beñi Agirrek. Bi asteetan zehar bisita bereziak ere egingo ditu DBH4ko ikasleei zuzenduta. Urtarrilaren 20an Muñagorri, el conde y las condesas: Paz y fueros liburuaren aurkezpena egingo du Eugenio Ibarzabalelek eta XVIII. mende erdialdetik eta 100 urteko tartean euskal foruen auzia zertan izan zen azalduko du. Hurrengo egunean beste liburu bat ezagutu ahal izango dugu Cesar Oroz marrazkilariaren Antso Azkarra sutan. Umoretik landutako lan horretan 1200ean Nafarroako erreinuak mendebaldeko lurraldeak, Biazkaia, Araba eta Gipuzkoa nola galdu zituen azaltzen da. Urtarrilaren 23an berriz, Asisko Urmenetak ondu duen Sorgina, banaiz dokumentalaren emanaldia izango da. Eta lehenengo astea osatzeko irteera-ibilaladia egingo da Garañoko gaztelura, Iñaki Sagredo historialariak gidatuta. Garañorako joan-etorria kotxez egingo da eta ahalik eta ibilgailu gutxien mugitzeko irteera-hitzordua Olakuan egin da goizeko 8:00etan.
Hurrengo astean berriz, urtarrilaren 27an, Xose Estebez historialariak Origenes den nacionalismo en Euskal Herria 1893-1923 liburua aurkeztuko du. Eta hilaren 30ean, azkenik, Zumalakarregi y la república de los Pirineos liburua ezagutzeko aukara dugu Josemari Esparza idazle eta historialariaren eskutik. Hitzaldi guztiak arratsaldeko 18:30etan hasiko dira Kultur Etxeko zine aretoan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!