“Iñaki bota daue” Pako Aristiren liburu berria Donostian aurkeztuko da bihar

1975eko udazkena tentsio handikoa izan zen Euskal Herrian. Urriaren 5ean, igande goizez, lehergailu bat zartarazi zuen ETAk Arantzazun eta hiru guardia zibil hil zituen. Atentatuak mendeku gosea piztu zuen eta igandean bertan, iluntzean, aurpegia estalita zeramaten hiru gizonek Iñaki Etxabe metrailatu zuten Kanpazar gainean zuen ostatuan, bere anaia Juan Jose ETAko buruzagia izana zelakoan. Hurrengo igandean, German Agirre taxilaria ere metrailaturik agertu zen Legution.
Iñaki Etxaberen hilketa estatu terrorismoaren belaunaldi berriko lehena izan zela esan du Iñigo Iruinek. Gertaera horiek sakon ikertu ditu Pako Aristik, beste hainbat lagunen laguntzarekin, eta garai ilun haren kronika osatu du IÑAKI BOTA DAUE. Kanpazar, 1975: Gerra zikinaren hastapena liburuan.
Aurrez, Irunberriko arroilan Susana Arregi eta Jon Lizarralderen heriotzak eragin zituen gertaeren ikerketan egin bezala, Gure Bazterrak kultur elkarteko memoria historikorako taldeak abiatu zuen iaz, Pako Aristiren liburu berri hau ekarri duen ikerketa. Orduan bezala oraingoan ere, taldeko kideak laguntzaile eta konplize izan ditu ikerketa prozesuan Urrestilako idazleak. Eta orduan bezala oraingoan ere Gure Bazterrak taldeko ordezkariak alboan izango ditu biharko liburu aurkezpenean.
Erein argitaletxeak kaleratu duen liburua Donostiako udal liburutegian aurkeztuko da bihar, 11:30etan, Pako Aristi egilea, Iñaki Etxaberen alaba Olatz, Gure Bazterrak taldeko Ander Lizarralde eta Ereingo ordezkari Inazio Mujika bertan direlarik.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!