“Hika ikastetxeetan” irakasleentzat prestakuntza saioak egingo dira UEUn, urriaren 17an eta 24an
Hitanoa eta bereziki noka biziberritzeko sortu zen ZirHika taldeak antolatu du ikastaroa, UEUrekin elkarlanean. Ikastetxeetan hika bultzatu nahi duten irakasleei zuzenduta dago, nagusiki, eta bi larunbat goizetan emango da Eibarren, urriaren 17an eta 24an. Izen-ematea zabalik dago.
Ikastetxeetan euskara ikasten den arren, gaztetxo askok kalean erdarara jotzen dute adierazkortasun eta informaltasun bila. Baina euskarak ere badu berezko hizkera informala, hitanoa, alegia, nahiz eta azken hamarkadetan gainbeheran joan den. Hezkuntza arautuan hizketa formala lehenetsi bada ere, badira hitanoaren premia ikusten dute irakasleak eta horiei zuzentzen zaie hika ikastetxeetan prestkuntza ikastaro hau.
Saio teoriko-praktikoak izango dira. Helburua da hitanoa irakatsi nahi duten irakasleei tresnak ematea. Lehenengo pausoak emateko oinarrizko prestakuntza emango da, ikastetxeetan hika irakasten esperientzia duten adituen eskutik. Hala, Nerea Zubia oñatiarrak Txantxiku ikastolako esperientzia azalduko du; 2021etik ari dira hitanoa bultzatzen ikastolan, DBH4 eta batxilergoko 1. mailetan, bereziki. Oñatiko esperientziaz gain, Markiña-Xemein, Azkoitia eta Oiartzungo ikastetxetakoa ere ezagutuko da. Mintza hadi lagun liburuaren egile Ritxi Lizartzak ere parte hartuko du ikastaroan; Euskal Herrian hika-ikastaro gehien eman dituenetako bat izango da, seguruenik eta alderdi teorikoaz arduratuko da.
LHko, DBHko eta batxilergoko irakasle hika-kontzientziadunei zuzendutako ikastaroa da, esan bezala, baina baita ere, hika balioduntzat jotzen duten euskaltegietako irakasleentzat edota hitanoa erakutsi nahi duen ororentzat. Interesa duenak izena eman dezake UEUren web atarian sartuta.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!