“Gure katona” liburua osatu du Roberto Altunak

2023/11/27
Card image cap
Euskara batua, herrikoa eta gaztelaniako eguneroko hitzak, esamoldeak, gramatika eta aditz nagusiak zerrendatu ditu

  Katona irakurtzen ikasteko garai batean erabiltzen zen liburua da. Izena berreskuratu du Roberto Altunak euskara batua, herrikoa eta gaztelania uztartuz osatu duen liburu erabilgarria izendatzeko. Gure katona ostiral eguerdian aurkeztu zen.

  Esperientziatik eta intuizioz osatu duen liburua dela esan zuen Roberto Altunak liburuaren aurkezpenean, urteetan euskara irakasten izan duen esperientziatik eta gauzak erraz jartzeko asmotik osatutakoa. Komunikazioa euskaraz izan dadin baliabide linguistikoak ematea da liburuaren helburua, bai euskaldun berriei, bai euskaldun zaharrei eta baita euskarara hurbiltzeko ahaleginean daudenei ere.

  Gure katona hiru zutabetan banatuta dago, eta herriko euskaran, batuan eta gaztelaniaz, eguneroko hitzak, esamoldeak, gramatika eta aditz nagusiak zerrendatzen dira, bata bestearen ondoan, hizkera batetik bestera modu errazean salto egin ahal izateko, edo ulertzeko.

  Liburu eredu hau exportagarria dela adierazi zuen aurkezpenean parte hartu zuen Juan Martin Elexpuru bergararrak, itxuraz zuen sinpletasun horrek geniala egiten zuela azpimarratuta. Eta zentzu berean berba egin zuen Roberto Altunak ere, esanez, berak lanketa Oñatin egin duela baina berdin egin daitekeela beste edozein herritan. Erabilgarrritasuna ere azpimarratu zen eta ikerketa lan eta liburu marduletan jasotako hiztegi eta esamolde ugarien artean egunerokotasunean erabili ohi direnak zerrendatu dira, propio.

  Gure katona liburua eskuragarri dago herriko liburudendetan, Txokolateixan, turismo bulegoan eta euskaltegian, bi eurotan, eta udalaren web orrialdetik ere deskargatu daiteke. Durangoko Azokan ere jarriko da salgai, Badihardugu Euskara Elkartearen standean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!