“Gardentasun falta nabarmena” leporatu dio EAJk gobernu taldeari, legealdi erdiko balorazioaren harira

EAJren udal taldeak legealdi erdiko balorazioa argitaratu du, Udal Gobernuari gardentasun falta nabarmena leporatuz eta zenbait proiekturen aurrerapenak eta inbertsioak ez dituela egoki azaldu esanez. Proiektu guztiak maila berean jarri eta aurkezteak, garrantzia kontutan hartu gabe, zenbait proiektu esanguratsu geldirik edo atzeratuta daudela ezkutatzen du, jeltzaleen ustez. Horren harira, esanguratsutzat jotzen dituen lau proiektu zerrendatzen ditu EAJk bere oharrean: HAPO edo hiri antolamenduko plan orokorra, etxebizitza-eskaintzaren lanketa, irisgarritasuna kale Zaharrean eta Otadui zuhaiztian eta gune historikoa birgaitzeko plan berezia. Era berean, 2022ko Aurrekontu parte-hartzaileetan landu ziren bi proiektu EH Bilduk ez dituela kontutan hartu diote jeltzaleek. Bi proiektu horiek dira, jolas parkeetan 8-14 urteko gazteentzako elementuak jartzea eta plazako kioskoaren eta frontoiaren arteko gunea berritzea.
Gobernu taldeak egin zuen legealdi erdiko balorazioarekin jarraituz, aurrekontuetan aurreikusitako inbertsioen %90 eginda dagoenaren baieztapena desegokia dela uste du EAJk; aurrekontuen likidazioan erabiltzen den irizpidea zehatzagoa dela diote eta horren arabera, inbertsioen gauzatze maila %50ekoa dela aipatzen dute. Guzti horregatik, udal gobernuaren balorazioari gardentasun eta zintzotasuna falta zaiola dio EAJk.
Hala ere, udal gobernantzan dena ez da gaizki egin, jeltzaleen esanetan, eta salbuespenak direla azpimarratu arren, bi ekimen positibo aipatu ditu: Europar Batasuneko Next Gereation funtsetatik lortutako diru partidak jasotzeko egin den ahalegina eta Emakumion Etxia eta energia komertzializatzailearen proiektuan oposizioarekin izan den lankidetza ahalegina.
Baina lankidetza ahalegin horiek salbuespentzat jo ditu EAJk, aipatu bezala, orokorrean, entzule rola eman zaiolako oposizioari, jeltzaleen esanetan. Proiektu estrategikoetan EAJk parte-hartze proaktiboa izan duela dio eta adibide gisa HAPOari egindako ekarpenak edo garraio publikoari proposatutako hobekuntzak aipatzen da. Baina oposizioarekin elkarlanean aritzeko eta adostasunak bilatzeko konpromisoa adierazi duen arren gobernu taldearen jarrera oso bestelakoa izan dela salatu du EAJk, eta entzule papera besterik ez diotela eman adierazi du. Hala ere, lankidetza beharra eta hartarako eskaintza zintzoa egin dio berriro udal gobernu taldeari.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!