Oñatiko udala

“Eta arrazakeria gorrotoa bakarrik ez balitz” izeneko hitzaldi-tailer irekia egingo da bihar

2026/09/14
Card image cap
Txosna batzordearen antolaketa eta funtzionamenduan ikuspegi antiarrazista eta dekoloniala txertatzeko asmotik sortu da dinamika

  Ekimena Txosna Batzordearena izan zen, diskriminazio-egoeren aurrean dituen praktikak, tresnak eta mekanismoak kolektiboki berrikusi eta gero eta inklusiboagoa den jai-gunea eraikitzeko gaitasunak indartzeko borondatetik. Komunitate-prozesuetan, ikuspegi antirrazistan eta ikuspegi dekolonialean espezializatutako Hegoaldetik Enarak Kooperatiba dute bidelagun eta Udalaren babes ekonomikoa eta Partaidetza eta Garapen Komunitarioko arloaren lankidetza ere badutelarik. Helburua da arrazakeriak aurreiritzi indibidualetatik harago nola jarduten duen aztertzea. Horretarako elkarrizketa, hausnarketa eta ikaskuntza kolektiborako gune bat sortu nahi da eta desberdinkeriak erreproduzitzen laguntzen duten dinamika sozial, historiko eta instituzionalak jorratu. Biharko antolatu den hitzaldi-tailerrak izaera sentsibilizatzailea, parte-hartzailea eta interpelatzailea izango du, eta hainbat gai landuko ditu, hala nola pribilegio zuriaren sistema, arrazakeria soziala eta instituzionala, kulturartekotasuna eta gizarte anitz bateko bizikidetzaren erronkak. Jai-esparruetara mugatu gabe, eguneroko bizitzako gainerako eremuetara ere zabaldu asmo da lanketa.

  Proposamen honen abiapuntu bereizgarria da aitortzea arrazakeriari aurre egiteko erantzukizuna ezin dela soilik pertsona migratuei eta arrazializatuei egotzi. Sarri, haiek dira bizi dituzten diskriminazio-egoerak salatu, azaldu eta horiei aurre egiteko ahalegina beren gain hartu dutenak. Prozesu honen bidez, erantzukizun hori gizarte osora zabaltzen lagundu nahi da . Era berean, prozesuan zehar sortzen diren ikaskuntzak, metodologiak eta tresnak udalerriko beste kolektibo, elkarte eta eragileentzat ere baliagarriak izatea bilatzen da. Ildo horretan, Txosna Batzordeak abiatutako ibilbideak erreferentziak eta baliabideak sortzeko asmoa ere badu, Oñatiko jai, kultura, kirol eta komunitate-esparruetan praktika inklusiboagoak sustatzen laguntzeko.

  Biharko saioa Tania Cañasek dinamizatuko du. Saioa irekia izango da eta herritar guztiak gonbidatzen dira hausnarketa foro honetara. Kultur etxeko zine aretoan izango da, bihar, 17.30etatik 19.30etara.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!