“Eskolako bidea” proiektuak aurrera darrai

2015/05/04
Card image cap
Mugikortasunari buruzko diagnostiko komunitarioa osatuta, ekainera arte gauzatuko diren esperientzia pilotuak zehazten hasi dira ikastetxez ikastetxe

  Ikastetxeetara joateko ibilbide nagusien bide segurtasuna aztertzea izan zen Eskolako bidea proiektu hezitzailearen lehen urratsa. Udalak kontratatu duen aholkularitza enpresak osatu zuen azterketa teknikoa udaltzaingoarekin kontrastatu zen, gune edo egoera arriskutsuak nola konpondu eztabaidatzeko. Bide batez, guraso, irakasle eta ikasleen ekarpenak ere jaso dira, egoeraren diagnostiko komunitarioa osatzeko.

  Diagnostikoa ikastetxeen esku jarri da, segurtasun arazoak non kokatzen diren eta konponbide aukerak ikusita, zenbait ekintza konkretu proposatuz. Orain, ikastetxe bakoitzean zein esperientzia pilotu egin zehazten ari dira. Helburua, ikasturte amaiera bitartean, ikastetxe bakoitzaren inguruan antzeman den problematika gainditzeko hainbat ekintza probatzea da.

  Horren haritik, Urgain eta Txantxiku Ikastolan, eskolara oinez eta lagun artean joateko ekimen ezberdinak martxan dira. Urgain-Errekalden guraso elkartearen ekimenez, urteak daramatzate eskolako-trena deritzon ekimena gauzatzen. Ikasleek, bizitokiaren arabera, topaleku ezberdinak izaten dituzte eta eskolarainoko bidea elkarrekin egiten dute. Ekimenean parte hartzeak gainera saritxoa izaten du. Urgaineko eskola trena, pasa den astean jarri zen martxan eta ostiralera arte luzatuko da.Txantxiku Ikastolan ere aste honetan hasiko dira beste horrenbeste egiten. Proba, maiatzeko lau eguaztenetan egingo dute.

  Baina hau, hasiera besterik ez da. Ikasleen mugikortasuna eta autonomia lantzeko beste esperientzia batzuk frogatu asmo direlako ikasturte amaiera bitartean. Gero, eskola bidea egitasmoaren balorazioa egingo da eta 2015-2016 ikasturterako ekintzak zehaztuko dira.      

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!