“Erasoen aurrean sareak ehundu” lema aukeratu da azaroaren 25aren inguruko egitaraurako
Oñatiko sare feministak eta Udalak elkarrekin antolatu duten egitarauak azaroaren 21etik abenduaren 11ra arteko ekintzak biltzen ditu. Azaroaren 25ean egingo diren oroitze eta aldarrikapen elkarretaratzearekin eta manifestazioarekin batera, plazan antolatu den Emakumion Etxeko topagunea bereziki azpimarratzekoa da. Udaberrian ireki asmo den Emakumion Etxia ezagutzera emateko plaza topagune bihurtuko da, honekiko interesa duten emakumeak elkar ezagutzeko, elkarrekin egon eta aldarrikapenak egiteko nahiz Etxetik indarkeriari aurre nola egin azaltzeko. 17:00etan hasiko da eta 18:30etan plazatik bertatik abiatuko den manifestazioarekin bat egingo du. Aurrez, 12:00etan, elkarretaratzea egingo da Olakuan, herriko pentsionistek eta Legun Lekuk antolatuta, urtero moduan.
Azaroaren 25a Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna izango da. Baina honen aurretik nahiz ondoren ere herriko emakumeak batzeko beste ekintza sorta bat progamatu da. Ostiral honetan bertan, azaroaren 21ean, esaterako, Euskal gatazka ikuspegi feministatik izeneko hitzaldia egingo du Olatz Dañobeitiak Kultur etxean. Abenduaren 2an, beste hitzaldi bat izango da: Nahia Alkortak Amatasunak zeharkatzen dituzten indarkeriak izenekoa emango du, San Juan kalean dagoen udal lokalean. Jabetze eskolaren baitan antolatutako hitzaldi zikloari dagokion azken izango da. Jabetze eskolaren baitan antolatu dira baita ere, azaroaren 24an izango den korapiloak askatzeko kakorratz ikastaroa eta azaroaren 29ko batxata salsa kuir saioa. Parte hartzeko aukera badago, beti ere aurrez izena emanda (berdinatsuna@onati.eus edo 688 785 247). Abenduaren 11an berriz Gabriela Wiener-ekin solasaldia izango da Eltzian. Azaroaren 25aren inguruan osatu den ekintza egitaraua borobilduz antzerki emanaldia ere izango dugu azaroaren 28an, Santa Ana antzokin. Casarse por papeles es… verdadero amor! kabaret ikuskizuna taularatuko da, 19:30etan hasita eta sarrera doan delarik.
Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna aldarrikapenerako eguna izango da aurten ere baina emakumeak batu eta ekintzak elkarrekin egiteko bitartekoa ere izan dadin antolatu da aurtengo egitaraua.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!