“Enpleguaren defentsaren alde” lema izango du CEGASAko langileek bihar eguerdirako deitu duten manifestazioak.

2014/03/28
Card image cap
Herriko eta eskualdeko enpresei mobilizazioa babesteko laguntza eskatu diete.

  Pasa den larunbatean Gasteizen egin bezala, bihar Oñatin egingo da CEGASAko langileen aldeko manifestazioa. Lema, bietan, berbera izango da: enpleguaren defentsaren alde. Aldarrikapenak ere berberak: erakunde finantzieroei lanean jarraitu ahal izateko zirkulante bideak zabalik mantentzea, erakunde publikoei lanpostuak eta enpresak mantentzeko ahalegin guztiak egitea eta taldearen egungo zuzendaritzak egin duen hondamen kudeaketaren inguruan erantzukizunak argitzea.

  Eguerdiko 12etan plazatik abiatuko den manifestazioa babestu dezaten laguntza eskatu zaie herriko nahiz eskualdeko enpresei, elkarte anonimo eta kooperatibei. Manifestaziorako deialdiarekin batera, CEGASAko komiteak orain bi aste kaleratu zuen idatzia igorri da. Elkartasun dei honek erantzun zabala izatea espero dute Energia Portatileko langileen ordezkariek.

  Bitartean, CEGASAko negoziazio mahaia Gasteizen bilduta dago. Zuzendaritzak proposatutako enplegu erregulazioa aztertu eta zehaztea dute helburu. Langileen ordezkariek prozesu konkurtsalerako izendatu ziren administratzaileak bileran egotea eskatu zuten.

  Aipatu negoziazio mahaia pasa den astean eratzekoa zen baina bilerara langileen ordezkariak soilik agertu ziren eta mahaian zegozkien 13 kideak izendatu besterik ezin izan zuten egin. 13 horietatik 3 Oñatiko plantari dagozkio. Pasa den asteko bilerara informazioa eskuratzeko asmotan joan ziren langileen ordezkariak; prozesu konkurtsala onartuta eman beharreko urratsei buruzkoa eta zuzendaritzak proposatutako EREaren inguruko informazioa eskuratzeko asmotan. Baina zuzendaritzako ordezkariak ez ziren bilerara agertu esan bezala, eta ondorioz, informazio eta dokumentazio guztia gaur jasotzea espero zuten.

  Enplegu erregulazioa, lantegiek lanean jarraitzeko  bakoitzak duen eskaerara egokitzeko proposatu zuen zuzendaritzak. Baina egokitze hori zein mailatan egin da zehaztu behar dena. Printzipioz, langile guztiei eragingo liekeela jakinarazi zen baina orain, sekzioka, lanpostuka definitzea falta da.

  Oñatira etorrita, bertan lanean ari direnak polibalenteak direla adierazi digu komiteko ordezkariak, lantegiko lan ezberdinak egin eta edozein postu egoteko gaitasuna dutela esan digu. Horrek, erregulazioak lekarkeen murrizketa denoi paretsu aplikatzeko aukera emango luke. Hori Oñatin esan bezala, 75en bat langile direlarik. Baina Gasteizko lantegitan egoera ezberdina da.

  Oñatira begira jarraituz, esan bestalde, Energia Portatilen lanean jarraitzen dutela. Duten eskaerari erantzun ahal izateko materiala poliki baino jasotzen ari direla esan digu langileen ordezkari batek baina hala jarraituko ote duten ziurtasunik gabe. Egoera hori izanik, gogoratu, bihar eguerdian “enpleguaren defentsaren alde” manifestazioa egingo dela plazatik abiatuta.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!