“Debagoieneko lurraren zaporeak” bisita gidatuak antolatu dira astebururako Oñati, Antzuola eta Leintz Gatzagan

2022/11/14
Card image cap
Ekoizleetara hurbiltzeko proposamena egin du Mankomunitateko Turismo departamentuak

  Gastronomia eta lurraldea uztartzen duen egitasmoa lantzen pasa den udan hasi ziren, eskualdean sortu, ekoitzi eta prozesatzen diren jakien salmenta puntuen gida osatuz eta informazioa Debagoiena turismo web atarian sartuz. Gidan bertako produktuak eskaintzen dituzten eskualdeko denda eta salmenta guneen berri ematen da, eta zein produktu saltzen dituzten. Orain urrats bat haratago eman da eta ekoizpen tokietara bisita gidatuak antolatu dira. Bisitaria ekoizpen lekuraino eramatea da helburua; produktua ekoitzi den ingurua ezagutuko du eta produktua ere dastatzera emango zaio. Bisitak ekoizle edo kudeatzaileek egingo dituzte.

  Gazta, gatza eta txokolatearen inguruan lau bisita aukera proposatzen dira, Oñati, Antzuola eta Leintz Gatzagara. Antzuolan Amatxo gaztandegia ezagutu ahal izango da larunbatean eta domekan. Gaztaren haritik Arantzazuko Gomiztegi baserrira bisita antolatu da domekarako. Baina Oñatin beste aukera bat ere izango da larunbat arratsaldean eta igande goizean, Txokolateixara hurbildu eta kakao-zakuaren bidaia/abentura bizitzeko. Leintz Gatzagan, berriz, gatzaren paisaia azalduko da larunbat eguerdian.

  Antolatu diren sei bisita gidatuak doan dira baina parte hartzeko izena eman behar da Debagoieneko Turismo departamentuko telefono zenbakira deituta: 943 796 463 zenbakira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!