“Busti zaitez” kanpainari egindako harrera ona eskertu dute ADEMGI elkarteak eta Oñatiko bazkideak

15. aldiz egin zen gurean esklerosi anizkoitzaren aldeko Busti zaitez kanpaina. Donostiatik bidali zen material gehiena saldu zen eta, pena, zenbait kamiseta-neurri agortu zirela; emakume eta gizonezkoen tamainako kamiseta eta izerditako edo sudaderak, toallak eta motxilak saldu ziren, baita aurten lehen aldiz salgai jarri ziren eskuz egindako belarritakoak ere. Urtez urte berritzen den kanpainaren irudia aurten bereziki erakargarria zela uste du Jose Luis Calvok, ADEMGIk Oñatin duen bazkide eta herrian egin den ekintzaren arduradunak; hori eta eguraldi eguzkitsuak, goiz emankorra ahalbideratu zuen, material salmenta oso ondo joan zelarik. Azken kontuak egitea falta bada ere, iaz baino 100nen bat euro gehiago batu dituztela esan digu. Horri, musu truk emandako argibide eta informazioa batu behar zaio, oso garrantzitsua baita jendeak esklerosi anizkoitza ezagutu eta gaixoen beharren inguruan sentsibilizatu dadin.
Calvok publikoki eskertu nahi ditu herritar guztiak eta beti laguntzeko prest dituen koadrilakoak, bakoitzaren ekarpen eta esku zabaltasunik gabe halako kanpaina aurrera ateratzea ezinezkoa izango lukeela onartuta.
Uztaila hasieran egin ohi den Busti zaitez kanpainaren helburuak bi dira oinarrian: esklerosi anizkoitzaren inguruko informazioa eman eta gaixotasun neurologiko honekiko sentsibilizazioa zabaltzea eta Gipuzkoan ADEMGI elkarteak eskaintzen dituen logopedia, fisioterapia eta eguneko zentro zerbitzuak finantzatzeko dirua batzea.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!