Oñatiko udala

“Busti zaitez” kanpainari egindako harrera ona eskertu dute ADEMGI elkarteak eta Oñatiko bazkideak

2026/07/07
Card image cap
(Arg: Goiena)
Beroak eragin zuen arren, material dezente saldu zen eta esklerosi anizkoitzari ikusgarritasuna eman zitzaion

  15 urte dira jada gurean esklerosi anizkoitzaren aldeko Busti zaitez kanpaina egiten dela; Donostiatik bidali zen material asko saldu zen domekan eta bereziki nagusien zenbait kamiseta-neurri agortu ziren. Emakume eta gizonezkoen tamainako kamiseta eta izerditako edo sudaderak, toallak eta katiluak saldu ziren, baita ADEMGIren tailerretan eskuz egiten diren belarritakoak ere. Zoritxarrez, ordea, haur kamiseta gehienak bueltan joango dira. Izan ere, eguraldi eguzkitsu eta beroak ez zuen lagundu eta asko izan ziren kanpora joanda, plazako urteroko buelta egin ez zutenak. Hauei gogoratu, materiala internetez eskuragarri dagoela oraindik.

  Edonola ere, Jose Luis Calvo, ADENGIk Oñatin duen bazkidea pozik eta eskertuta agertu zaigu, beste behin, kanpainaren helburu bikoitza gogoratuta: esklerosi anizkoitza ikusgarri egin eta jendea sentsibilizatzea, eta materiala salduz ADEMGI elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuen kostua arintzeko dirua batzea. Oraingoz sendabiderik ez duen gaixotasunaren inguruko argibide eta informazioa eman zitzaion udaletxeko arkupetan jarri ziren mahaitara hurbildu zen orori eta askok beraien ekarpena egin zuten, itxulapikoetan dirua utziz edota zerbait erosiz. Orain, saldu ez zen materiala itzultzeko prestatu eta azken kontuak egitea falta da domekako BUSTI ZAITEZ kanpaina guztiz ixteko.

  Calvok publikoki eskertu nahi ditu herritar guztiak eta beti laguntzeko prest dituen koadrilakoak, bakoitzaren ekarpen eta esku zabaltasunik gabe halako kanpaina aurrera ateratzea ezinezkoa izango lukeela onartuta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!