“Bullying-a nola prebenitu” hitzaldia abenduaren 13an errepikatuko da

2019/11/14
Card image cap
Hainbat guraso pasa den asteko saiora sartu ezinda geratu zen, aforoa bete zelako

  Arrakastaz hasi da Guraso eskolaren ikasturte berria. Bulling-aren gaia lantzeko hitzaldiak harrera oso ona izan du eta errepikatu egingo da hainbat guraso lekurik gabe geratu zirela ikusita.

  Lekua mugatua izaten da Guraso eskolaren ekintzetan eta horregatik, aurrez izena ematea eskatzen da. Azaroaren 8ko hitzaldirako 30 laguneko aforoa gaindituta 14 guraso itxaron zerrendan geratu ziren. Ondorioz, hitzaldiaren bigarren saio bat programatzea erabaki da, abenduaren 13an izango da. Pasa den asteko lehen saioan bezala, abendukoan ere NORGARA taldeko psikologo Lidia Agilera izango da hizlaria eta orduan bezala, hitzordua ostiralarekin etorriko da eta 18:15tan hasiko da.

  Izena emateko deialdi berria zabalduko da ikastetxeen bitartez baina aurreko saiorako itxaron zerrendan gelditu ziren gurasoek ez dute izena berriro eman beharko. Hauekin posta elektronikoz jarriko dira harremanetan lekua bermatuta dutela jakinarazteko.

  Eskola jazarpena edo bullying-a presente dago seme-alabek bizi ditzaketen arriskuen artean. Baina zer da bullying-a eta nola prebenitu daitekeenaz berba egingo da hitzaldian. Gaiaz hausnartu eta egunerokotasunean sortzen diren egoerak aztertuta, orientabideak eman eta zalantzak argitzea da saioaren helburua. Hitzaldia euskaraz izango da. Lehen hezkuntzako ikasleen gurasoei zuzenduta dago eta pasa den asteko saioaren errepikapena izango da, esan bezala, orduan joaterik izan ez zutenei zuzenduta.

  Izena emateko Ainhoa Moiua udal langilearekin harremanetan jarri beharko da ohiko bideak jarraituz, hau da, 943 037 700 telefonora deituta edo mezua ainhoa@onati.eus helbidera bidalita. Izena emateko azaroaren 29ra arte epea eman da.

  Guraso eskolaren baitan beste lau hitzaldi edo tailer antolatu dira ikasturte honetarako: emakumeen aurkako bortizkeriaren prebentzioaz bi eguneko tailerra egingo da urtarrilean; mobila zein adinetan eta zertarako eman hitzaldia programatu da otsailean; sexu orientazio ezberdinen aurrean bideak errazteko hitzaldia apirilean eta anai arreben arteko liskarrak eta zeloak nola kudeatu, maiatzean. Maiatzean baita ere, udal liburutegiarekin elkarlanean, liburu baten inguruko hausnarketa dinamizatu saioa antolatzeko asmoa dago. Baina ekintza bakoitzaren berri ikastetxeen bitartez jakinaraziko zaie gurasoei.

  Oñatiko Guraso eskolaren programazioa udalak, ikastetxeek eta guraso elkarteek osatzen duten Formazio mahaiak zehaztu eta antolatzen ditu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!