Oñatiko udala

Ia 27.000 euroko ekarpena egin dio Udalak, Goilarre programari

2025/10/22
Card image cap
Goilarre proiektuaren babesean iaz egindako lan batzuk
2025eko larre kanpainaren baitan egin beharreko diru-ekarpena da

  Goilarre programa Udalaren eta Foru Aldundiaren elkarlanean eta ko-finantzazioan oinarritutako kudeaketa eredua da, herri onurako mendien larreetan jarduten duten ganaduzaleen bizi eta lan baldintzak hobetzeko helburua duena. Egin beharreko hobekuntzen identifikazioa eta lehentasunak abeltzainen elkarteen bidez egiten da. Iaz, esaterako, paso kanadiarrak eta langa-itxiturak egin edo konpondu ziren leku ezberdinetan eta ur garraioa ere egin zen. Aurten berriz, apirilean, Aloña, Araotz-Txirikilaleku eta Artia inguruko larreak hobetzeko ia 80.000 euroko inbertsioak onartu ziren eta horiek gauzatzeko udalaren ekarpena hobekuntza fondoan ingresatzea eskatu du Mendietako eta Natura inguruneko zuzendari nagusiak.

  Aldundiaren eta Udalaren arteko ko-finantziaziorako irizpideak hiru dira: larre azalera; babestutakoaren izaera, hau da, naturgunea den ala ez; eta abeltzain kopurua. Aurreko urteetan Udalak inbertitutakoaren arabera Aldundiaren ekarpena aldatu egiten da, eta tokiko inbertsioa handitu ahala Diputazioarena ere handitzen da. Une honetan, Oñatiko Udalak gastuen hirutik bat hartzen du bere gain eta Foru Aldundiak gainerakoa. Ondorioz, eta 2025eko larre kanpainaren baitan, 26.535 euroko ekarpena egitea dagokio, Aldundiak 53.070 euro jarriko dituelarik. Diputazioko zuzendariaren eskaera Alkate dekretuz onartu eta bideratu da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!