“Biziarteko kartzela zigorra eta giza eskubideak” aztergai dituen mintegiaz hasi da urteko lan bileren egitaraua Lege Soziologia Institutuan

2015/04/16
Card image cap
Guztira, 17 workshop programatu dira iraila erdialdera arte

  2015eko bilera zientifikoen egitarauari gaur goizean ekin diote Lege Soziologia Institutuan . Astero, iraila erdialdera arte, 17 mintegi egingo dira. Bilera hauetan nazioarte mailan garrantzia handia duten hainbat gai jorratuko dira. Biziarteko kartzela zigorra, espainiar estatuko zigor kodearen erreforma, ugalketa eskubideak eta sexu dibertsitatea, migrazioa eta giza eskubideak, burujabetza prozesuak eta Euskadiko kasua dira Unibertsitate Zaharrean egingo diren lan bilera hauetako batzuk.

  Gaur goizean, nazioarteko 29 adituren partaidetzaz hasi den mintegian, biziarteko kartzela zigorra eta giza eskubideak gaiak aztertzen ari dira. Helburua, biziarteko kartzela zigorraren ezarpenaren ikuspegi orokorra lantzea da. Halako ikerketa lan globalak oso urriak baitira.

  Azken 50 urteetan heriotza zigorra indargabetuz joan da eta zigorrik gogorrena biziarteko kartzela bihurtu da herrialde askotan. Baina apenas ikertu da neurriak giza eskubideen ikuspegitik duen eragina. Mundu mailan modu ezberdinean bete arazten da biziarteko kartzela zigorra. Batzuetan, halako zigorra jaso duten presoak hainbat urteren buruan libre uzten dira eta beste batzuetan, bizitza oso baten iraupena baino luzeagoak diren kartzela zigorrak jartzen dira. 

  Bestelako kontraesanak ere sortzen dira: Giza Eskubideen Europako Epaitegiak dio, biziarteko kartzela zigorra jaso duen pertsonak inoiz askatasuna lortzeko itxaropena izan behar duela, halakorik ukatzea giza eskubideen kontrakoa dela gaineratuz. Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak bestalde dio Konstituzioaren kontrakoa dela 18 urtez azpikoei biziarteko kartzela zigorra jartzea, baina halako zigorra duten 50.000 helduen inguruan ez da aipamenik egiten.

   Gaur hasi den "biziarteko kartzela zigorra eta giza eskubideak" mintegia bihar arratsaldean amaituko da.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!