“Bizi urria Euskadiko arima berdean” egitasmoa antolatu du Debagoieneko Turismo departamentuak

Debagoienak duen natura aberastasuna ezagutzera emateko egitasmoa da Bizi urria Euskadiko arima berdean izenekoa. Eskualdean barrena egin daitezkeen irteerak eta bakoitzari buruzko argibideak ematen dira Debagoieneko turismo departamentuaren web atarian. Baina azalpen hutsetatik haratago, irteera gidatuak antolatu dira datozen bi asteburuetarako, galdu gabe ibili eta inguruetako altxor ezkutu horiek ere ezagutu ditzagun. Bizikletaz nahiz oinez egin daitezkeen zortzi irteera antolatu dira; Vasco-Navarro bide berdean barrena eta Hartzaren urratsak GRa jarraituz, launa irteera gidatu egingo dira datozen bi zapatu eta domeketan.
Vasco-Navarro trenaren ibilbidea oinarri hartuta egokitu zen bide berdean barrena, larunbatean, urriaren 11n, Eskoriatzako tren geltokitik Arrasatekora joango da eta, ibilbidea jarraituz, Arrasateko tren geltokitik Bergarakora, igandean. Hurrengo asteburuan, urriaren 18 eta 19an, Oñatiko tren geltokitik San Prudentziorainoko bidea egingo da larunbatean, eta Antzuolako kaxetatik Osintxurainokoa igandean. 7,3 eta 14 Km arteko luzera eta aparteko zailtasunik ez duten ibilbideak dira. Gidari baten laguntzaz, eta gimkana turistiko digitalarekin jolasean, egingo dira, datozen bi asteburutan.
Mendian ibiltzea nahiago dutenek ere izango dute beren eskaintza, Hartzaren urratsak GR-289a jarraituz, beste lau mendi irteera gidatu antolatu baitira. Bizikleta irteerak baino zailtasun handiagoko irteerak dira, 20 bat kilometro eta 1.000 metroko desnibel positibo inguruko ibilbideak direlako. Araotz-Oñati eta Oñati-Bergara, 20 eta 23 Km-ko ibilaldiak antolatu dira urriaren 11 eta 12rako, hurrenez hurren. Eta Bergara-Arrasate eta Arrasate-Leintz Gatzaga, 19 eta 20 Km-koak, hurrengo astebururako, urriaren 18 eta 19rako. Irteera puntuetara joateko autobusak antolatuko dira.
Mendi irteerak 9:00etan abiatuko dira eta bizikleta irteerak ordubete beranduago, 10:00etan. Parte hartzeko izena eman behar da mezua bidaliz debagoienaturismo@gmail.com helbide elektronikora. Debagoiena beste era batera eta gidari batek lagunduta ezagutzeko eskaintza da “bizi urria Euskadiko arima berdean” ekimena. Debagoieneko Mankomunitateko turismo departamentuak antolatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!