“Besarkada solidarioa” erabiliz lapurreta saioa salatu da

Tarteka errepikatu egiten dira halako lapurreta ahaleginak Oñatin, berriena, atzo bertan gertatu zen San Lorentzon, Eltzia inguruan. Emakumezko bat adineko gizonezko batengana hurbildu eta besarkatzeko keinua eginda lepoko katea lapurtzen saiatu zen baina ez zuen lortu. Gertatutakoaren abisua udaltzaingoan eman eta bertaratu ziren emakumearen deskribapena hartuz, baina ordurako ihes eginda zegoen eta ez zuten inor atxilotu. Orain pare bat aste antzerako gertaera izan zen Errekalden.
Besarkada solidarioa deritzo lapurreta egiteko teknika honi: ezezagun batek besarkatzen gaitu, ustez ezagutzen gaituelakoan, edo beste pertsona bat gogorarazten diogula aitzakia jarrita, eta halako keinua jasotzearen harridurak sortzen duen tartetxoa erabiltzen dute kartera, sakelekoa edota lepoko katea lapurtzeko. Sarritan, lapurtu digutela ere ez diogu momentuan antzematen.
Ezezagunen bat besarkatzera datorkigula ikustean, geldiarazi, eta ingurukoen laguntza eskatzeko txilixo, oihu, edo arreta deitzeko beste zerbait egitea gomendatzen du udaltzainburuak. Salaketa jartzea ere garrantzitsua da, lapurtutakoa berreskuratzeko, eta ezer lapurtu ez badigute ere udaltzain eta ertzainak jakinean gain jarri, adi egon daitezen eta herritarrei abisua emateko, kasu honetan egin den bezala.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!