Oñatiko udala

“Besarkada solidarioa” erabiliz hainbat lapurreta saioren berri eman da udaltzaingoan

2026/02/02
Card image cap
Halako gertaeren berri lehenbailehen jakinaraztearen garrantzia azpimarratu nahi da

  Pasa den astean aipatu genuen, larunbatean, urtarrilaren 24an, gizonezko bati katea lapurtu zioten besarkada solidadioa deritzon teknika erabiliz. Larunbat honetan, 31n, ahalegin berria egin dute, baina biktima ohartu eta lapurreta saihestea lortu zuen. Bi gertaerak inguru berean, Euskadi etorbidean jazo ziren. Lekua esanguratsua da, halakoetan lapurrak auto eta konplize bat zain izaten ditu, lapurreta ahaleginaren ondoren, kotxez ihes egiteko. Horregatik azpimarratu nahi da gertatutakoaren berri ahalik eta azkarren ematearen garrantzia, udaltzainak lekura joan ez ezik, ertzainei jakinarazi eta errepideetan zaintza berezia jarri dezaten.

  Besarkada solidarioa deritzo lapurreta egiteko teknika sinplea da: ezezagun batek besarkatzen gaitu, ustez ezagutzen gaituelakoan, edo beste pertsona bat gogorarazten diogula aitzakia jarrita, eta halako keinua jasotzearen harridurak sortzen duen tartetxoa erabiltzen dute kartera, sakelekoa edota lepoko katea lapurtzeko. Sarritan, lapurtu digutela ere ez diogu momentuan antzematen. Ezezagunen bat besarkatzera datorkigula ikustean, geldiarazi, eta ingurukoen laguntza eskatzeko txilixo, oihu, edo arreta deitzeko beste zerbait egitea gomendatzen da, udaltzainei gertatutakoaren berri berehalakoan ematearekin batera, ezer lapurtu ez badigute ere. Oñatin astebetean gertatu diren bi ahaleginetan neska gazte bat izan da adineko pertsonengana hurbildu dena, bati lepoko katea kendu zion, bigarrenari ezer ez.

  Asteburuko gertaeren artean aipatu, baita ere, Portu kaleko beira edukiontzi bat erreta agertu dela gaur goizean. Udaltzainek goizeko erronda egin dutenean ohartu dira Batzoki ondoko beira edukiontzi bat erreta zegoela, aurrez ez dute jakinarazpenik jaso.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!