Oñatiko udala

“Baskonia globalizazioan” jardunaldien aurkezpena egin da gaur goizean

2025/06/03
Card image cap
Nabarraldek antolatuta, elkartuko diren adituen aniztasuna azpimarratu da

  Nabarraldek urteak daramatza herri-ondarea biltzen; arbasoen ohitura eta kultura jasotzen ondorengoei transmititu ahal izateko. Baina globalizazioa nagusitzen ari den honetan, mendeetan mantendu den ondare hori galzorian dagoenaz ohartu dira; trantsizio garai honetan herri egiten gaituen horretaz hausnartu eta etorkizunera begira nola proiektatu eztabaidatu beharra ikusi dute.

  Baskonia globalizazioan Euskal Herriaren gaineko hausnarketa kritikoa egiteko jardunaldi moduan aurkeztu da gaur goizean, udaletxean. Ekainaren 14an, 9:00etatik 18:00etara luzatuko den jardunaldian galderak nagusi izango direla esan du Anjeles Iztueta antolatzaileak, baina garrantzitsuena, etorkizunean eztabaidatzen jarraitzeko egingo diren galdera berriak eta horretarako bilduko den aditu talde anitza dela azpimarratu du. Izen handiko hizlariak bilduko baitira ekainaren 14an Santa Ana aretoan: Juan Carlos Longas, Eguzki Urteaga, Xabier Irujo, Karmelo Landa, Joseba Sarrionandia, Ane Alberdi, Roser Espelt, Iñigo Urrutia, Xabier Barandiaran, Isabel Elizalde, Helena Larralde eta Eneko Bidegain.

  Baskonia globalizazioan jardunaldian parte hartzeko izen-ematea zabalik dago Nabarralderen web atarian. Jardunaldiaren bezperan, ekainaren 13an, hitzaldi irekia izango da Sancti Spiritus unibertsitatean; Santiago Alba Rico idazle eta filosofoak Baskonia en la Globalización hitzaldia emango du, 19:00etan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!