Oñatiko udala

“Aretoetan, zinema beti handi” ekimenarekin bat egin du Oñatiko zine aretoak

2025/12/11
Card image cap
Emanaldi bereziak programatu dira prezio merkeagoetan, Gabonetan

  Aretoetan, zinema beti handi kanpainak hiru ekintza berezi biltzen ditu, honako helburuekin: euskal eta europar zinemagintza sustatzea, publikoarekin loturak indartzea eta zinema-aretoen balio kulturala aitortu eta bultzatzea. Kanpaina EZAE elkarteko kide diren 24 zinema eta 85 pantailetan burutuko da, tartean, Oñatikoan. Ekimenak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza du.

  Ardatz nagusia, abenduaren 20an ospatuko den Zinemaren euskal festa izango da. Egun horretan euskal eta europar ekoizpenak ikusteko sarrerak 3 euroko prezio sinbolikoa izango du. Helburua da publikoa zinema-aretoetara hurbiltzea eta gure zinemaz pantaila handian gozatzea. Oñatin Alberto Gastesi donostiarrak zuzendutako Singular filma proiektatuko da, 19:30etan eta 22:00etan. Haurren emanaldian Zootropolis 2 produkzio estatubatuarra emango da, ondorioz, sarrera ohiko prezioan eskuratu beharko da.

  Kanpainak biltzen dituen beste bi egitasmoak dira, Euskadi-Europa. Gure zinemako perlak eta Zinema euskaraz familiartean. Euskal eta europar zinemako perlak ekimenaren baitan kritikak eta publikoak txalotu dituen zortzi filmen arteko lau programatzeko aukera eskaini zaie aretoetako kudeatzaileei. Oñatin, lehenago ere eman diren bi eta beste bi berri ikusi ahal izango dira: Ciudad sin sueño, abenduaren 23an, Sirat, 30ean, Jone batzuetan, urtarrilaren 2an eta La deuda, 6an. Emanaldi guztiak 19:30etan izango dira. Bestetik, Zinema euskaraz familiartean zikloaren haritik haur eta gaztetxoentzako programazioa indartuko da, euskarara bikoiztutako beste lau film eskainiz: Kayara inka gerraria, abenduaren 22an, Looney Tunes, lurrak eztanda egin zuen eguna, 29an, Minecraft film bat, 30ean, eta Heidi katamotzaren erreskatea, urtarrilaren 2an. Kasu honetan film guztiak aurrez Oñatin eman dira baina aipatu egunetan 17:00etan hasiko diren emanaldietan berriro ikusi ahal izango dira. Bi egitasmo hauen baitan izango diren proiekzio berezi bakoitzerako sarrerak 2 eurotan salduko dira.

  EZAE, Euskadiko Zine Aretoen Elkartea, 24 zinema eta 85 pantailek osatzen dute. Debagoienean Oñatikoa da elkarteko partaide bakarra eta hurbilean, Legazpiko Latxartegi eta Zumarragako Zelai Arizti daude.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!