“Alternatiba gara” lemapean aurkeztu du PPk Oñatirako alkategaia

2023/02/14
Card image cap
Ricardo Guisado-Balanzategi eta zerrendan joango diren hurrengo bi hautagaiak oñatiar jatorrikoak dira

  Urtebete darama Ricardo Guisado-Balanzategi popularren alkategaiak Oñatiko beharrak ezagutu, landu eta horietara egokitzen den hautagaitza prestatzen. 20 proposamenetik gora dituela eta maiatza bitartean azaltzen joango dela adierazi zuen atzoko aurkezpenean.

  Ricardo Guisado-Balanzategi Kordobakoa da sortzez baina Oñatin du jatorria, Balanzategi abizenak adierazten duenez. Albaitaritzan eta Zientzia Politikoetan lizentziatua da eta enpresa zuzendaritzako masterra dauka. Egun, lanbide heziketa arloan diharduen fundazio batean ari da nazioarteko harremanetarako arduradun gisa. Ondo ezagutzen du hezkuntza mundua eta Oñatin nekazaritza eta abeltzaintza ikasketak egiteko fakultatea sortzea proposatu du. Fakultateak albaitaritza, agronomia eta bromatologia ikasketak eskainiko lituzke eta ikerketa zentrua eta animalia klinika ere bilduko lituzke.

  Oñati halako fakultate bat jartzeko lekurik aproposena dela esan zuen Guisado-Balanzategik: Oñati landa herria delako; Donostia, Bilbo eta Gasteizetik hurbil, erdibidean dagoelako edota, nekazaritza ikasketak lehenago ere izan dituelako, Sancti Spiritus unibertsitatean halakoak eskaini baitziren 1851tik 1869a bitartean. Euskal Herriko Unibertsitatera atxikiko litzatekeen fakultate berriaren eraketak 20 milioi euroko inbertsioa beharko lukeela zehaztu zuen eta Oñatirentzat ez ezik, Gipuzkoa eta Euskal Autonomia Erkidegoarentzat ona litzatekeela esan zuen. Herriko ostalaritzari ere onura ekarriko liokeela gehitu zuen.

  Txakurrentzako udal egoitza bat eta padel pistak sortzea ere proposatu zuen alkategai popularrak. Baina beste hainbat ideia eta proposamen konkretu landu dituela eta laster azalduko dituela aurreratu zuen.

  Datozen asteetan Oñatiko hautagaitza osorik aurkeztuko dutela adierazi zuten atzoko agerraldian. Kultur etxean alkategaia ez ezik, zerrendan, hurrengo bi lekuetan joango diren bi emakumeak ere presentatu ziren: Maria Olaran Mugika eta Eva Pereira Korkostegi, biak ere, oñatiar jatorrikoak. Olaranen birraitona Union Cerrajerako fundatzaileetako bat izan zen eta Pereira Korkostegi, berriz, Reyes Korkostegi alkate izan zenaren biloba da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!