2019ko Oñatiko adierazpena bultzatzeko II. jardunaldiak egingo dira etzi Bilbon, Oñatiko Lege Soziologia Institutuak eta EHUk antolatuta
Lege Soziologia Institutuan bertan lanaren etorkizunari buruzko nazioarteko kongresua egin zen, 2019ko apirilean, eta amaieran, Oñatiko adierazpena deitu zitzaion dokumentua onartu zen, lan-harremanen eredu berritu baterako dekalogoa, hain zuzen ere. Lanaren Nazioarteko Erakundearen mendeurrena ospatzeko ekitaldien baitan egin zen batzarra eta onartu zen Oñatiko adierazpena. Lan-harremanen eredu kooperatiboago baterantz joatea proposatzen da dekalogoan, enpleguaren kalitatera bideratutako eredu bat, egonkortasunari eta lan baldintzei dagokienean, eta eredu berritua, negoziazio kolektiboa egonkortu eta bultzatuko duena.
Orain hiru urte onartu zen Oñatiko adierazpen hori bultzatzeko jardunaldiak egingo dira asteazkenean Bilbon, Oñatiko Lege Soziologia Institutuak berak eta EHUk antolatuta, Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Justizia sailaren babesean. Jardunaldi hauetan euskal enpresa txiki eta ertainak izango dira hizpide, lan munduaren eraldaketaren aurrean eta, konkretuki, lan erreformen testuinguruan, lanaren kalitatea nola hobetu eta zaindu eztabaidatuko da. Egun osoan luzatuko diren eztabaidetan, hiru gai nagusiren bueltan arituko dira: erronkak, kalitatezko enplegua eta ekonomia soziala eta ekintzailetza kolektiboa. Goizean, euskal enpresa txiki eta ertainek dituzten erronka ezberdinak aztertuko dira, eraginkortasun energetikoa, bilakaera demografikoa edota digitalizazioa. Arratsaldean, berriz, lan segurtasunaz eta osasunaz, enplegu duinaz, genero berdintasunaz eta enpresa erreleboaz arituko dira, besteak beste.
Azaroaren 23an Bilbon egingo diren jardunaldi hauen antolakuntzan batzorde teknikoko kide gisa ari dira Oñatiko Lege Soziologia Institutuko hainbat ordezkari, Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batera.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!