2008an jaiotako 110en bat neska-mutil irtengo dira kintto-batzea egitera, otsailaren 1an eta 7an
2008an jaiotako kinttoek asteak daramatzate Santa Ageda koplak entseatzen. Santa Ageda egunak markatzen ditu kinttoen irteerak, eta aurreko domeka eta ondorengo larunbata izan ohi dira santa-eskerako egunak gurean. Hilabete hasierarekin, otsailaren 1ean, etorriko da aurten kinttoen lehen erronda, domekan, herriko kaleetan ibiliko baitira kopla kantari. Hurrengo larunbatean, hilaren 7an, berriz, baserri auzoetatik barrena ibiliko dira kopla kantari.
Kinttoak santa-eskean irtetea hamarkadetan errepikatu den ohitura da gurean. Lehen, soldaduskara joan behar ziren mutilak bakarrik irteten ziren baina aspaldian, urte berean jaiotako neska eta mutilak irteten dira. Urtean 18 urte beteko dituzten neska eta mutilen ospakizuna da. Aurrez, kintto horiek, irailaren 28ko danborradan dantzari irten ohi dira.
Datozen bi asteburu hauetan 2008an jaiotako 110 bat lagun irtengo dira santa-eskean. Ohikoa denez, azken asteak eman dituzte kale eta auzoetan kantatuko dituzten kopla eta abestiak ikasten. Domekan, plazan elkartu eta kalerik kale ibiliko dira herrigunea alaitzen. Elkarrekin bazkalduko dute eta festa gaueko ordu txikiak arte luzatuko dute. Hurrengo zapatuan, otsailaren 7an, auzoetatik barrena ibiliko dira kinttoak taldetan banatuta.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!