20 milioi euroko bonu jaulkipena egin du ULMAk, Errenta Finkoko Merkatuan

Inbertsioei aurre egiteko finantzaketa dibertsifikatuko estrategia jarraituz, orain zortzi urte, 2017an jo zuen lehen aldiz ULMA taldeak Errenta Finkoko Merkatu Alternatibora, zor kotizatua jaulkiz. Orain, bide berbera jarraitu du 20 milioi euroko bonu jaulkipena kaleratuz, 12 urterako. Jaulkipen berri hau Pricoak sinatu du, oso osorik. Eragiketa honekin taldearen hazkunderako eta industria modernizaziorako behar dituen 115 milioi euroak eskuratzeko plana osatzen du ULMAk. Europako Inbertsio Bankuaren, Kreditu Ofizialeko Institutuaren eta Finantzen Euskal Institutuaren parte hartzearekin egituratu da eragiketa konplexu hau.
Baliabide ekonomiko horiei esker, ULMA kooperatiba taldeak sendotasunez aurre egin ahal izango dio datozen urteetarako duen inbertsio planari eta berrikuntza teknologikoaren, nazioartekotzearen eta jasangarritasunaren ardatzetan oinarritutako hazkunde estrategiari, taldeak zabaldu duen oharrean zehazten denez.
Iñaki Gabilondo ULMA taldeko zuzendari nagusiak nabarmendu du, erakundeen eta inbertitzaileen exijentziak eta haiek prozesu honetan jarritako konfiantzak agerian uzten dutela Ulmaren proiektu sozioenpresarialaren sendotasuna eta kaudimena. Haien babesa estrategikoa da taldearen etorkizuneko erronketarako, eredu industrial jasangarri, berritzaile, konprometitu eta kooperatibo baten bidez.
ULMA industria talde kooperatiboak 500 milioi euro baino gehiagoko inbertsioei aurre egin die, azken bost urteotan, instalazioak eta prozesuak modernizatuz, ekoizpen gaitasunak hobetuz eta eraginkortasun energetikoaren eta deskarbonizazioaren esparruan aurrera eginez. 20 milioi euroko bonu jaulkipenarekin osatu den finantzaketa txanda berri honi esker, ULMAk bere hazkunde prozesuari aurre egin ahal izango dio, iraunkortasun, berrikuntza, modernizazio eta nazioarteko garapenaren arloko funtsezko inbertsioak bizkortuz.
Taldeak 9 kooperatiba industrial biltzen ditu, 5.747 pertsonei enplegua emenez eta 81 herrialdetan jardunaz. Ulma taldeak 1.151 milioi euroko salmenta konpilatu zituen iaz.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!