187 ikaslek jaso dute Gurutze Gorriaren eskola-materiala
Debagoienean zaurgarritasun egoeran dauden 187 ikaslek eskuratu dute Gurutze Gorriaren eskola-materiala. Iaz baino 29 laguntza eskaera gutxiago jaso ditu Debagoieneko postuak. Izan ere, laguntza hauek eskuratu ahal izateko, familiek Debagoienean bizi behar dute, lehen edota bigarren hezkuntzako mailetan matrikulatutako seme-alabak izan behar dituzte, beren zaurgarritasun-egoera aitortua izan behar dute eta eskaera egin behar dute Gurutze Gorriak prestatutako online formularioaren bidez. Material loteak prestatzerakoan haur edo gaztetxoaren adina eta beteko duen ikasmaila hartu dira kontutan. Haurren babesa lehentasuna dela eta eskola materiala banatzeko ekimena, haur eta gazteen garapen akademikoan eragin ditzaketen desberdintasunak murrizten laguntzea helburu dela nabarmendu du Jabier Igartuak, Debagoieneko Gurutze Gorriko presidenteak.
Gurutze Gorriak zortzigarren urtez jarraian egin duen eskola- materialaren banaketa hau, eskualdeko herrietako Gizarte Zerbitzuekin duen lankidetzaren baitan kokatzen da. 12 boluntarioko taldea arduratu da eskola-materiala prestatu eta banatzeaz. Boluntarioen garrantzia gogora ekarri du Debagoieneko Gurutze Gorriko presidente Javier Igartuak, jarduera honen benetako motore direla azpimarratuz, eta balizko boluntarioei gonbidapena luzatuz, bakoitzak ahal duen neurrian bere ekarpena egiteko aukera duela gaineratuta. Informaziorako Elorregiko egoitzarekin harremanetan jarri besterik ez dute egin behar (943 76 55 76 edo altodeba@cruzroja.es).
Ikasturtea hasi bezperan, ostiralean banatu zen eskola-materiala Debagoieneko Gurutze Gorriak erosi du, ekarpen ekonomiko partikularrei, bazkideen konpromisoari eta uztaileko Urrearen Zozketaren diru-bilketari esker.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!