183 plaza eskaintzen dira eskulan ikastaro ezberdinetan aurten
Pinturak, zeramikak eta eskulan dekoratiboak osatzen dute Udaleko Kultura departamenduak antolatutako eskulan ikastaroen eskaintza. 6 urtetik gorako herritarrei zuzendutako aisialdi ekintzak dira baina haurrei zuzendutako eskaintza handitu egin da aurten.
Pintura lantzeko aukera zabaldu da eta adinaren arabera, haur eta gaztetxoentzat zazpi talde osatzeko eskaintza zehaztu da 2026-2027 ikasturterako; 6-13 urte eta 9 eta 13 urte bitartekoentzat asteazkenetan, 6-8 eta 9-13 urte artekoentzat ostegunetan edo ostiraletan emango dira pintura eskolak eta zazpigarren talde bat eratuko da, 14 eta18 urte bitartekoentzat, ostiraletan, arratsaldeko lehen orduan. Nagusien pintura ikastaroak astelehen eta asteartetan izango dira, 16:00etatik 18:00etara lehen taldekoak eta 18:00etatik 20:00etara bigarren taldekoak, orain arte bezala. Zeramika eskolak egunez aldatu eta ostegunetan izango dira aurten baina helduentzako goiz eta arratsaldeko eskaintza mantentzen da, hala, lehen taldea, 9:00etatik 11:00etara arituko da, bigarrena 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldez hirugarren taldea, 15:00etatik 17:00ertara. Ondoren, gaztetxoei zuzendutako ikastaroak emango dira, batzuk 17:00etatik 18:00etara arituko dira eta besteak, 18:00etatik 19:00etara. Eskulan dekoratiboak astearte eta asteazkenetan mantentzen dira: asteartetan helduen txanda izango da, hauek ere ordutegi aukera bikoitzarekin, 15:00etatik 17:00etara edo 18:00etatik 20:00etara. Eta asteazkenetan, 9 eta 15 urtek gaztetxoen txanda. Hauen jarduna pitin bat laburragoa da, ordu eta laurdenekoa eta bi talde osatzeko aukera eskaini da baita ere, 17:00etatan lehenak eta 18:30etan bigarrenak.
Talde guztietan plazak mugatuak dira eta guztira, 183 plaza eskaintzen dira. Dauden plazak baino lagun gehiagok izena emango balu, lekuak zozketaz esleituko dira. Bihar irekiko da izena emateko epea, urriaren 18ra arte. Onartuen zerrendak, berriz, urriaren 23an argitaratuko dira kultur etxeko harreran eta udaleko web atarian. Plaza lortu dutenei matrikula kobratuko zaie, izena ematerakoan jakinarazi duten kontu korrontean kargatuta. Ikasleen adinaren arabera, matrikula kostua ezberdina izan ohi da, helduek 91,75 euro ordaindu beharko dituzte eta adingabeek 67,18 euro. Aipagarria da, langabeak matrikula ordaintzetik salbuetsita egongo direla baldin eta langabezia prestazio ekonomikorik ez badute edo agortuta badaukate.
Ikastaroak, azaroaren 2ko astean hasiko dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!