17:00tan egingo da Pello Zabalaren aldeko hileta Arantzazun
Fraide frantziskotarra, musikazalea, naturazalea, idazlea, eguraldi iragarlea, irrati esataria, ohorezko euskaltzaina, pertsona konprometitua… gauza asko esan litezke atzo zendu zen Pello Zabalari buruz. Amezketan jaioa txikitatik azaldu zuen Arantzazurako joera eta bertako apaiztegira 10 urtekin iritsi zen. Erriberrin eta beste zenbait etxetan egonaldi motz edo luzeagoak egin bazituen ere, bere burua Arantzazukoa zuen eta bizi ere, nagusiki, bertan bizi izan zen Zabala.
Euskal Herri mailan oso ezaguna zen Pello Zabala, bereziki Euskadi Irratian eguraldi iragarpenak eta musika klasikoari buruzko saioak urteetan egin zituelako, baita domekako mezen emanaldiak ere, baina Arantzazuko organista zen, hainbat libururen egile eta herri ekimen askoren babesle ere bai. Laguntza eske zihoanari ezetz esaten ez zekien eta Oñati Irrati honek ere berarengana jo zuen aldioro eskuzabal hartu gintuen.
Eguraldi iragarle eta musika arloan lankide izan genuen Oñati Irratian urteetan Pello Zabala, eta bera ere proiektu honen partaide sentitzen zen. Herrian ere hamaika ekimenetan laguntzaile ikusi zen Zabala: Oñatiko musikegunetan, Gabonetako kontzertuan edota Gure Esku Dagok eskatuta, mugimenduaren abestiaren Oñatiko moldaketan Evaristorekin kantuan, besteak beste. Eta Arantzazun bertan Milikua parean hasi eta auzoan barrena egiten zen Gabon errondan. 70. hamarkada amaiera aldera hasi zen Arantzazuko seminarioan eta auzora salto egin zuen ondoren, azken urtean, 2019an, 100en bat herritar bildu zuelarik kantu-errondak. Hasierako urteetan Bitoriano Gandiagak sortutako hitzak Pello Zabalak musikatzen zituen, eta gerora, eskusoinuarekin edo zuzendari lanetan makinatxo bat urte egin zituen Zabalak.
Azken urteotan hainbat osasun arazo izan zituen Pello Zabalak eta Covid-ak egoera guztiz okertu zuen, atzo zendu baitzen. Pello Zabalaren aldeko hileta elizkizuna gaur arratsaldean, 17:00tan egingo da Arantzazuko Santutegian.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!