157.500 euro banatuko dira aurten garapenaren aldeko lankidetzarako dirulaguntzetan
Hala proposatu zuen EAJk 2026ko udal aurrekontuak eztabaidatzeko prozesuan eta hala onartu zen abenduko Osoko Bilkuran. Garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako dirulaguntza hauetan lau lerro bereizten dira: lankidetza proiektu estrategikoak, ekintza puntualak, sentsibilizazio jarduerak eta larrialdiko laguntzak.
Bihar irekiko da garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako udal laguntzak eskatzeko epea, iragarkia gaur argitaratu baitzen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Partida honetan biltzen diren lau lerroetan, kopuruz handiena, hegoaldeko herrialde pobretuetan lankidetzarako proiektu estrategikoen garapena finantzatzera zuzentzen da eta aurten 95.000 euro izango dira. Hegoaldeko herrialde pobretuetan lankidetzako ekintza edo ekimen puntualak finantzatzeko 35.000 euro bideratuko dira. Herrian bertan sentsibilizazio jarduerak egiteko 9.500 euro eta larrialdietarako laguntzetarako eta ekintza humanitarioko proiektua finantzatzeko 18.000 euro bideratuko dira. Guztira, 157.500 euro, iaz baina 21.000 euro gehiago. Dirulaguntza hauek aurten izan duten igoera lehenengo bi lerroetan biltzen dira.
Herrialde pobretuetan lankidetzarako proiektu estrategikoak edo ekintza puntualak egiteko dirulaguntzak martxoaren 11ra bitartean eskatu daitezke; sentsibilizazio jardueretarako dirulaguntzak eta larrialdi eta ekintza humanitarioko proiektuak finantzatzeko laguntzak, berriz, azaroaren 1a arte eskatu daitezke. Dirulaguntzak zuritzeko epea urtearekin, abenduaren 31n amaituko da kasu guztietan. Eskaerak egin eta dirulaguntzak zuritzeko epeak mugatu diren bezala, eskaera bakoitzak jaso ahal izango duen diru kantitatea ere mugatu da, laguntza lerroaren arabera.
Hegoaldeko herrialde pobretuetan lankidetza proiektu estrategikoak garatu eta ekimen puntualetarako 15 laguntza eskaera jaso ziren iaz eta 14 onartu ziren. Baztertutakoak ez zuen herrialde hartzailean kontraparterik egiaztatu, baldintzek eskatzen duten bezala. Iaz udalaren dirulaguntza jaso zuten proiektu estrategikoak dira, Hermansoloña elkarteak Argentinako Jose C Pazen dituen egitasmoak, Bubulum taldearen Nikaraguako proiektua, Nikaraguan baita ere ekintzailetza bultzatu eta garapenerako sustatzaileen formaziorako Mundu Solidarioa Helburuk aurkeztutako bi proiektuak, Elkartasuna Txiapasekin taldeak Mexiko hegoaldean eta Hotz Oñatik Yemenen babesten dutena eta Arantzazuko Adiskideak taldeak Boliviako ospitale batean garatzen duena. Ekintza puntualetan, berriz, onartu ziren zazpi eskaeratatik lau Hermansoloña taldeak aurkeztu zituen, laurak Argentinan kokatzen dira; beste bi, Nomada elkarte humanitarioak, Nepalen, eskola bateko azpiegiturak hobetzeko zen eta Mikel Goiaingeruaren Parrokiaren izenean, Dominikar Errepublikan osasun proiektu bat gauzatzeko egitasmoa zen. Aurtengo eskaerak aurkezteko epea bihar irekiko da, martxoaren 11ra arte.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!