15 minutuko elkarretaratzeak egiten hasi dira udal langileak, lan hitzarmen berria eskatuz
Udalhitz da Eudelek adostu eta udalei onartu dezaten proposatzen dien hitzarmena. Oñatiko Udalak urteetan aplikatu du. Baina azkena orain 16 urte, 2010ean bete zen eta ordutik ez da hitzarmen berririk adostu. Tartean, Madrilgo gobernuak kontratazio berriak edota soldata igotzeko legez jarritako mugak bete izan dira gurean ere, baina horiek baztertu eta bertako negoziaketa ahalmen eta mahaia berreskuratzea eskatu dute behin eta berriz udal langileek eta hauen ordezkari sindikalek.
Eudelek deituta bilera egin zen pasa den urrian baina orduz geroztik ez da bilera berririk egin. Blokeo egoera horren aurrean tokiko hitzarmenak negoziatu eta adostu dituzte, zenbait udaletan, tartean, Bergarako Udalean. Hemen Oñatin, beste horrenbeste egitea eskatu izan diote gobernu taldeari baina honek Eudelen erreferentzialtasuna aldarrikatu du. Egoera horren aurrean mobilizazioak hastea erabaki zuten udal langileen asanbladak eta hala egin dute azken hiru astetan; gaur bertan, 12:00etan, udaletxe aurrealdean elkarretaratzea egin dute.
Lan hitzarmen berria eskatzen dute udal langileek eta bertan Gazteberritze planak txertatu daitezela, hau da, jubilatzeko adinera hurbiltzen doazen langileentzako lana aurrez uzteko aukera emango duten baldintzak eta neurriak txertatzea eskatzen dute. Kontu egin behar da, datozen 8-10 urteetan udal plantillako talde handi bat jubilazioa hartzeko adinera iritsiko dela. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Foru Aldundiek badituzte beraien Gazteberritze planak eta Oñatiko Udalean ere halako neurriak hartzea eskatzen dute langileek.
Oñatiko Udaleko langileen ordezkaritza LAB eta ELA sindikatuek dute. LABeko sindikatu ordezkariek bihar goizean Bilbon, Eudelen egoitza aurrealdean, elkarretaratzea egingo dute negoziazioak desblokeatu daitezela eskatzeko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!