Oñatiko udala

13 eta 14. landa poligonoetako lursail-jabeei mugaketa eta digitalizazio lana nola egingo den azalduko zaie bihar

2026/01/26
Card image cap
Bilera informatiboak egingo dira Santa Ana aretoan, 11:00etan eta 17:30etan

  Udalerriko landa eremuko lursailen mugaketa digitalki jasotzen jarraitzen du Udalak. Abiatu berri den hirugarren fasean 13. eta 14. poligonoetako partzelen mugaketa egingo du Geograma enpresak. Udala eta beste 102 jaberenak diren 434 partzelen mugak errebisatuko dira. Ia 500 hektarea, guztira. Horretarako, jabeen laguntza eta parte hartzea ezinbestekoa da, dituzten lursailen mugak eta mugarriak identifikatu eta mugakideekin adostu beharko direlako. Katastroa eguneratu egingo da eta, beharrezkoa den kasuetan, zuzendu ere egingo da.

  Jabeen partaidetza borondatezkoa da, eta ez die inolako gastu ekonomikorik eragingo, baina mugarriak aurkitu eta mugak garbitzea eskatuko zaie, dagokien jasotze topografikoa egin ahal izateko. Proiektua azaltzeko bi bilera antolatu dira biharko, 11:00etan, lehena, 17:30etan, bigarrena. Biak Santa Ana aretoan egingo dira. Honen berri ematen duten gonbidapen gutunak bidali zaizkie katastroko 13 eta 14. poligonoetako lursailen titularrei. Bileraren amaieran lurjabe bakoitzarentzat prestatu den dokumentazioa banatuko da. Bertaratzen ez direnen dokumentazioa udaletxera eramango da eta asteazkenetik aurrera eskuragarri egongo da HAZ bulegoan.

  Geograma enpresa kontratatu du Udalak landa-lursailen mugaketa lana egiten jarraitzeko, aurreko bi fasetan ere berau aritu baita. Kontratu berriaren aurrekontua 54.846 euro da eta enpresa arabarrak 12 hilabeteko epea izango du lana burutzeko. Oraintxu amaitu du 4. eta 5. poligonoetako lursailen mugaketa eta digitalizazio lana. Dagokien txostena urtarrilaren 12 eta 13an banatu zitzaien lurjabeei. Oñatiko landa eremua zabala da, 28 poligonotan banatuta dago, eta mugaketa lanak faseka egiten ari dira. Aurten mugatu eta digitalizatuko diren 13 eta 14. poligonoek Olabarrieta auzoko lursailak hartzen dituzte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!