Oñatiko udala

13 autobus bete herritar joango dira domekan Oñatitik giza katera

2018/06/08
Card image cap
Azken lekuak osatzeko Kale Barriako bulegoa irekiko du arratsaldean Gure Esku Dagok

  Oñatik bi kilometro beteko ditu giza katean, 187 eta 188.a, Arabako Zigotian. 1000 oñatiar biltzea zen helburua eta betetzeko bidean dago. Asmoa ahalik eta jende gehien autobusez eramatea zen, horrek trafikoa samurtzen duelako. Oñatitik 13 autobus irtengo dira igande goizean. Baina izango da autoz joan-etorria egingo duenik. Horiei gogorarazten zaie bete behar duten kilometroaren zenbakia autoaren aurrealdean, leku ikusgarrian jarrita eraman behar dutela. Zalantzarik izanez gero Gure Esku Dagok Kale Barrian duen lokaletik pasatu eta argitu daiteke. Gaur arratsaldean, 18:30tatik 20:00tara irekiko da. Azken orduko izen-emateak ere egin ahal izango dira.

  Beste ohar batzuk igorri dituzte herriko Gure Esku Dagoko ordezkariek:

- Izena ematerakoan jaso zen zapia eramatea. Bertan, norberak, erabakitzeko dituen arrazoiak idatzi ditzake.

- Autobusak, Enpresagintza fakultatetik irtengo dira domekan 8:45tan. Puntualak izatea eskatzen da, Gorbeia merkatalgunera iristeko ordua jarrita baitago. Bertatik, autobusak ordenean, jendea utzi behar duten kilometroetara joango dira bata bestearen atzetik. 10:00-10:30ak inguruan Zigoitiara iritsi eta giza katerako lekua hartuko da. Baina giza katea 12:00tan hasiko da. Bitartean, errepide ondotik pitin bat aldentzea eskatuko da trafikoa ez baita azken ordura arte moztuko.

- Animazioa izango da.

- Giza kateak 30 minutu iraungo ditu eta behin amaituta autobusa hartu eta batzuk Oñatira eta beste batzuk Gasteiza joango dira, aukera bikoitz hori eskaini baitu herriko taldeak, egun erdirako edo egun osorako autobusa, alegia.
Gasteizen, jaiari jarraipena emateko egitaraua prestatu da.

- Komunak izango dira. Oñatiko taldeak lau komun kontratatu ditu herriari dagozkion bi kilometrotan jartzeko.

  Gaur lau urte, 2014ko ekainaren 8an, lehen giza katea egin zuen Gure Esku Dago taldeak. Orduan, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen zen. Lau urteko epe honetan pedagogia lan handia egin da herriz herri eta gaia modu ezberdinetara landu da. Igandean, erabakitzeko arrazoiak izango dira eskuz-esku lotuko direnak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!