115 lagun aurkeztu dira udaleku irekietan begirale izateko
Martxoaren 29an itxi zen udaleku irekietan begirale gisa aritzeko izen-emate epea. 115 hautagai aurkeztu dira baina guztiak ez dira onartu, 8 behin behinean baztertu egin dira, baldintzak ez betetzeagatik edo eskabide-orria falta dutelako. Onartuen kasuan berriz, B2 euskara maila egiaztatu duten ala ez argitaratu da eta agiri bidez egiaztatu zituzten merituen puntuazioarekin batera. Zerrenda guztiak behin behinekoak dira eta alegazioetarako epea bihar irekiko da, maiatzaren 12ra arte. Bitartean, eskatutako euskara maila agiri bidez egiaztatu ez dutenek azterketa egin beharko dute. Astelehenean, maiatzak 11, idatzizko proba izango dute Gaztelekuan, 14:30etan eta hori gainditzen dutenek ahozkoa egin beharko dute, maiatzaren 15ean. 7 dira euskara egiaztagiririk aurkeztu ez duten udalekuetako begiralegaiak.
Udaleko web atarian argitaratu da udaleku irekietan begirale aritzeko onartu eta baztertuen behin behineko zerrenda.
Arte udalekuetan eta kiroletako uda kanpainan begirale izateko izen-ematea ere martxoaren 29an itxi zen eta onartu eta baztertuen zerrendak osatu diren arren ez dira argitaratu oraindik. Alkatearen sinadura falta dute eta gaur-bihar bitarte publiko egitea espero da. Arte udalekuetako begirale izateko izena eman baina euskara maila egiaztatu ez dutenek ere euskara azterketa egin beharko dute, idatzizkoa astelehenean eta ahozkoa ostiralean. Kasu horretan C1 maila izatea eskatu zen.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!