Oñatiko udala

"101 berba" oñatierazko mikro-narrazioen lehen lehiaketa antolatu da

2026/05/06
Card image cap
15 eta 18 urte bitarteko Oñatiko gazteei zuzenduta dago, herri hizketa bultzatu eta gazteen euskara erabilera eta sormena sustatzeko helburuz

  Udaleko Euskara sailak antolatu du gazteentzako mikro-narrazio lehiaketa, Ingo xonau! egitasmoko kideekin eta ikastetxeekin elkarlanean. Ekimenaren helburu nagusia herriko hizkera bultzatzea da, hika barne. Aldi berean gazteen artean euskararen erabilera eta sormena sustatu nahi da, gazteak idaztera bultzatu eta hauen irudimena piztea, besteak beste.

  Lehiaketa 15 eta 18 urte bitarteko Oñatiko gazteei zuzenduta dago, eta bi kategoria bereiziko dira: DBH 3-4 mailako ikasleak, batetik, eta Batxilergokoak, bestetik. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi narrazio aurkeztu ahal izango dituzte, betiere oñatieraz idatzita. Hika erabiltzea ez da derrigorrezkoa izango, baina modu positiboan baloratuko da, eta horretarako sari berezi bat ere banatuko da: Ingo Xonau! saria, hika ondoen erabilitako lanarentzat.

  Mikro-narrazioen lehiaketa bat da eta lanen hitz kopurua mugatua da: gutxienez 11 eta gehienez 101 hitz izan beharko dituzte. Aurretik argitaratu edo saritu gabeko testuak izan behar dira, originalak, eta ezin dira beste egile batzuenak edo adimen artifizialaren bidez sortutakoak izan. Horrez gain, eduki iraingarriak edo diskriminatzaileak dituzten narrazioak baztertu egingo dira.

  Sei sari banatuko dira guztira: DBHkoen mailan, 200 eta 100 euroko eta batxilergoan, 300 eta 200 euroko erosketa bonoak banatuko zaizkie lehen bi sariak lortzen dituzten lanen egileei eta bi mailetan 100 euroko sari berezia emango da hika erabilera onenarentzat.  Epaimahaia euskara arloko adituek osatuko dute, besteak beste, euskara teknikariak, udal euskaltegiko kide batek, Ingo Xonau! taldeko ordezkari batek eta herriko ikastetxeetako irakasleek. Lanak baloratzerakoan kontutan hartuko dira, testuaren zuzentasuna eta egokitasuna (%50), originaltasuna eta umorea (%25), eta hika erabilera (%15).

  Lanak aurkezteko epea gaur ireki da, maiatzaren 31ra arte. Lanak posta elektronikoz bidali beharko dira Udaleko Euskara Zerbitzura, narrazioak@onati.eus helbidera, eta narrazioarekin batera egilearen datuak aurkeztu beharko dira: izen-abizenak, jaioteguna, telefonoa eta ikastetxea.
Irabazleen berri irailean emango da, eta sari banaketa ekitaldia, jaien testuinguruan egingo da. Aukeratutako narrazioekin irakurraldi publikoa egin asmo da.

  Antolatzaileek azaldu dutenez, lehiaketara aurkezten diren lan guztiek erabilera libreko lizentzia izango dute, betiere egiletza aitortuta. Ekimena lehiaketa hutsetik haratago, herriko hizkera eta sormena sustatzeko bide gisa ikusten dute antolatzaileek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!